Pablo Gonzalez kazetariaren egoeraren inguruan adierazpen bat adostu dute gaur EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean. Testuan, lau taldeek «kezka» agertu dute euskal kazetariaren egoeraren inguruan. Gogoratu dute kazetaria otsailaren 28an atxilotu zutela Poloniako zerbitzu sekretuek, atzerriko indar baten aldeko espioitza lanak egitea egotzita, eta orduz geroztik behin-behinean atxiloturik dagoela Rzeszow-ko espetxean. Atzo bertan, Poloniako epaitegiak egoera «bidegabe» hori hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen «inolako azalpenik edo justifikaziorik eman gabe», alderdiek testuaren hitzaurrean azpimarratu dutenez.
Horiek hala, lau alderdiek testuan adierazi dute kezkaz ikusten dutela Poloniako agintariek haren aurkako behin-behineko atxiloaldia «neurririk gabe» erabiltzea, horrek Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikulua urratzen duelako. Horri loturik, adierazi dute ez datozela bat Poloniako epaitegien erabakiarekin, eta euskal erakunde eta instituzioei eskatu diete aldarrikatu ditzatela Pablo Gonzalezen eskubideen errespetua Poloniako agintarien aurrean. Halaber, eskatu diete «behar diren kudeaketak» egin ditzatela auziak «berme guztiak» izan ditzan, prozesuan kazetariak pairatu dituen eskubide urraketak amaituta. Eskaera hori Espainiako Gobernuari ere egin diote.
Azkenik, taldeek azpimarratu dute Pablo Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea albiste txarra dela «gizarte libre eta demokratiko batean oinarrizko bermea den prentsa eta informazio askatasunarentzat».
Politika
Pablo Gonzalezen eskubideen urraketa arbuiatu du Eusko Legebiltzarrak
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bateratu bat adostu dute Eusko Legebiltzarrean. Kezka agertu dute Poloniako agintariak «neurririk gabe erabiltzen» ari direlako kazetariaren behin-behineko atxiloaldia, eta instituzioei eskatu diete urratsak egiteko haren aurkako auziak «berme guztiak» izan ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu