Ernaiko kideek errepidea trabatu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean

Ekainaren 4an Bilbon eginen duten manifestaziora deitzeko eta gazteen prekaritatea salatzeko baliatu dute ekintza. Ekainaren 15ean zazpi gazte epaituko dituzte iazko maiatzean egindako mobilizazioengatik.

Ernaiko gazteak, gaur, Eusko Legebiltzarraren aurrean eserita. ERNAI
2022ko maiatzaren 26a
11:36
Entzun

Ernaiko dozenaka lagunek errepidea oztopatu dute gaur goizean Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Ekainaren 4an Ez gaituzue geldituko lelopean eginen duten manifestaziorako deia egiteko baliatu dute protesta. Bilbon eginen dute mobilizazio hori, 17:30ean, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta salatuko dute ekainaren 15ean zazpi gazte epaituko dituztela «Ertzaintzak eta fiskaltzak abiatutako azpijoko polizial» baten ondorioz.

Iazko maiatzean egindako manifestazio batzuk ditu epaiketak abiapuntu. Izan ere, iazko maiatzaren 7an Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen mobilizazioak antolatu zituen Ernaik, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta «prekarizazioa» salatzeko: besteak beste, enpleguaren eremuko prekaritatea, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketak «era duinean» egiteko oztopoak, eta pandemiaren ondorioz osasun mentala «okertu izana» salatu zuten. Gasteizko eta Bilboko manifestazioetan Ertzaintzak zortzi gazte atxilotu zituen, eta hirurogeitik gora zauritu, ezker abertzaleko gazte erakundearen arabera.

Horietatik zazpi gazte epaituko dituzte orain: «Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrei, isunei eta kalte ordainei aurre egin beharko diete», salatu du gaur Ernaik: «Guztira 20.000 eurotik gora». Ekainaren 4an eginen duten manifestazioan, horiei babesa adierazi ez ezik, aldarrikatuko dute ez dela delitua «gazteentzako bizitza baldintza duinen alde borrokatzea».

Eusko Jaurlaritzari deia

Ez dute ausaz aukeratu Eusko Legebiltzarraren aurrean esertzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari bidali nahi izan diote mezua: «Badakigu gazteon egoera prekarioa iraultzeko eta bizi baldintza duinak eskuratzeko bide bakarra kaleak hartzea eta borrokatzea dela, eta zentzu horretan mobilizatu ginen 2021eko maiatzaren 7an. Baina, egun hartan, beste hamaika alditan egin bezala, gaur legebiltzar barruan dauden [Josu] Erkoreka, [Iligo] Urkullu, [Idoia] Mendia eta Eusko Jaurlaritzako kide guztiek, gazteon aldarri eta beharrei erreparatu beharrean, Ertzaintza gu jipoitzera bidaltzea nahiago izan zuten». Ernairen ustez, atxiloketa eta auzipetzeen bidez «gazte borroka gelditu» eta euren bizitzen «prekarizazioarekiko duten erantzukizuna ezkutatu» nahi izan zuten agintariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.