Ez da behin betiko erabakia, baina joera bat erakusten du. Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroa publiko egin dute, eta nabarmentzeko bi alderdi ditu: ikasgeletako ratio batzuk jaitsi nahi dituzte, eta eskolatzean ikasle zaurgarrien «presentzia orekatua» egongo dela jasotzen du.
Hezkuntzako hurrengo urteetarako erronka nagusietako bat izango da jaiotze tasaren jaitsiera. Gero eta haur gutxiago jaiotzen direla ikusita, egoerara egokitze aldera, zirriborroak ratioak —ikasgeletako ikasle kopurua— jaistea proposatzen du. Batetik, gela bat mantentzeko gutxieneko ratioak ukituko dituzte; alegia, haur gutxiago beharko dituzte ikasgelak mantentzeko. Itunpeko ikastetxeetan, egun, HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan, hamazazpi haur behar dituzte gutxienez; hemendik aurrera, berriz, hamahirurekin nahikoa izango da. Ikastetxea herriko bakarra bada, 11 haurrekin ikasgelari eusteko moduan izango dira. Batxilergoan ere, jaitsiera: itunpekoetan, hemezortzi behar dituzte egun, eta hemendik aurrera, bat gutxiago. Ikastetxe publikoei dagokienez, gutxieneko ratioetan ez dago aldaketarik, eta itunpekoenak baino baxuagoak edo haien berdinak izango dira beti: HHn eta LHn, gutxienez 11, eta DBH Derrigorrezko Bigarren hezkuntzan eta Batxilergoan, hamazazpi.
Gainera, ikasgeletako gehienezko ratioetan ere aldaketa batzuk proposatu dituzte. Ikastetxe publikoetan, LHn gehienez 25 ume egon daitezke ikasgelako, baina, aurrerantzean, ikasgela bakoitzean ezingo dituzte 23 ume baino gehiago eduki. Batxilergoan, berriz, orain arte baimenduta zegoen ikastetxe publikoetan 30 ikasle sartzea gelako, baina 27an jarri asmo dute muga orain. HHko eta DBHko ratioak mantenduko dituzte: 23 eta 25 ikaslekoak izango dira, hurrenez hurren. Itunpeko ikastetxeetan, berriz, ez dute aldaketarik egingo gehienezko ratioan, eta publikoetakoa baino altuagoa edo bera izango da beti: HHn eta LHn, 25; DBHn, 30; eta Batxilergoan, 35.
Banaketa «orekatua» xede
Ratioei ez ezik, ikasleak eskolatzeko ereduari ere erreparatzen diote testuan. Ziurtatu dutenez, zaurgarritasun egoeran edo egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen presentziak «orekatua» izan beharko du eskola eremuan diru publikoarekin mantendutako ikastetxe guztietan. Ehunekoez mintzo da: «Horretarako, egoera zaurgarrian edo egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen proportzio orekatu bat ezarriko da, hezkuntza zerbitzuko ikastetxe bakoitzean eskolatu dadin, eta, gainera, ikastetxeei laguntza hori emateko behar dituzten baliabideak bermatuko zaizkie». Ohiko eskolatze garaitik kanpo sistemara sartzen diren ikasleen banaketak ere «orekatua» izan beharko du, dokumentuan jaso dutenez: «Hezkuntza arloko eskumena duen sailak, Eskolatze Batzordeen bidez, ahaleginak egin eta neurriak hartuko ditu, hain justu ere bermatzeko diru publikoarekin mantendutako ikastetxe guztiak erantzunkide direla onarpen prozesutik kanpo sartzen diren ikasleen eskolatze orekatuan». Horrela, lortu nahi dute ikastetxe jakin batzuetan ez igotzea beste batzuetan baino gehiago bai gizartean eta bai hezkuntzan zaurgarriak diren ikasleen proportzioa.