EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak «belaunaldi berrientzako bereziki garrantzitsua» izango den lege gisa definitu du Ikus-entzunezkoen Lege proiektua, ostegunean Espainiako Kongresuko osoko bilkurara iritsiko dena. Koalizio subiranistak, baina, ez du zehaztu zer bozkatuko duen, eta espero du Espainiako Gobernuak mahai gainean dauden zuzenketen inguruan «hausnartzea». Izan ere, EH Bildu abstenitu egin zen aurreko astean, Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordean. «Espiritu ekonomizista bat dago lege honetan, eta izan behar zuen balio sozial, komunikatibo eta kulturala desagertuta dago erabat», adierazi du diputatuak.
Aizpuruaren esanetan, batzordetik ateratako lege proiektuak «akats larriak» ditu, «zenbait aurrerapen» eragingo dituen arren. Testua «gutxiengoen» akordio gisa kalifikatu du, eta Europako beste zenbait herrialdeetan martxan diren legediekin alderatuta «oso kontserbadorea» dela iritzi dio: «Eduki demokratikoetan Europara homologatzeko aukera bat galdu da». Izan ere, kritikatu du ez dela herritarren parte hartzerik sustatu, eta ezta adostutakoak beteko direla bermatzeko ikus-entzunezko kontseilurik sustatuko ere.
Koalizioak orain arte aurkeztutako zuzenketetatik hamar mantendu ditu osteguneko bozketarako. Aizpuruak lege proiektuaren 110. artikuluaren azken moldaketari egin dio erreferentzia; produktore independenteak nortzuk diren zehazten du hark. Artikulua, «hasieratik txarra» zena, «atzeko atetik» aldatu eta okertu egin dela azaldu du EH Bilduko eledunak, Ekonomia Ministerioak hura zuzenketa tekniko baten bidez moldatu ostean. Lege proiektuak aurreikusten du plataforma handien diru sarreren %5en —hori da Europako ikus-entzunezko lanetara bideratu beharko dutena— %70 halako produktoreei bideratzea, baina, Aizpuruak salatu duenez, ez du bereizketarik egiten plataforma handiek enkarguz eginiko lanen eta independenteki eginikoen artean. Afera horretan, Unidas Podemosek ere egin du ministerioaren aldaketaren aurka, eta hura atzera botatzeko zuzenketa bat aurkeztu du.
Era berean, legediaren aplikazio esparrua ere kritikatu du Aizpuruak. Izan ere, nazioarteko plataformek hizkuntza koofizialetan edukiak eskaintzeko konpromisoak bultzatzearen alde egiten den arren, legeak ez die haiei eragingo. Horri buelta emateko eskatu du Aizpuruak, eta jatorriaren ordez oinarrian helmuga jartzeko exijitu: «Irizpide horren araberako zuzentarauak ezartzen ari dira Europan». Diputatuak uste du kontrakoak nazioarteko plataforma handien mesedetan eta estatu barrukoen kaltetan funtzionatuko lukeela: «Babesgabe uzten ditu hemengo plataformak».
Zerbitzu publikoen pribatizazioari atea irekitzen diotela ere kritikatu du, eta horrek bide ematen diola hedabideen kontzentrazioari: «Pluraltasun informatiborentzat hilgarria da». Lortutako aurrerapausoen artean, berriz, irrati libre eta komunitarioei esparru komunikatiboaren pean emaniko lekua nabarmendu du, lehen zirriborrotik kanpo geratu zena.
Euskararen presentziari dagokionez, lege proiektuan jasotakoaren arabera, plataforma digital handiek gaztelania ez diren hizkuntza ofizialetan egindako lanetarako erabili beharko dituzte diru sarreren %0,52. Era berean, plataformek eskainitako edukietan ere kuotak ezartzen ditu euskararentzat, katalanarentzat eta galegoarentzat ere. Eduki kuotei dagokienez, berriz, %30 Europan egindako lanekin osatu beharko dute, eta horren erdia, berriz, gazteleraz edo hartaz besteko hizkuntza ofizialetan egindako lanekin; horien %40 hizkuntza koofizialetan eskaini beharko dituzte. Legeak, baina, egoitza nagusia estatu barruan duten enpresei soilik eragingo die, Aizpuruak salatu duen bezala.