Rocio Vitero izango da EH Bilduren alkategaia datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan. Gasteizko EH Bilduko Mahai Politikoak hura proposatu du alkategai izateko, eta harena izan da hautagaitzak erabakitzeko prozesuan aurkeztu den bakarra. Vitero (Gasteiz, 1980) EH Bilduren udal taldeko zinegotzia da 2019tik, eta gizarte langilea da ogibidez, gizarte politiken ikuskaritzan aditua.
Gasteizko Mahai Politikoaren hitzetan, urteotan «Gasteizekin eta EH Bilduren proiektu politikoarekin duen konpromisoa» erakutsi du Viterok, eta haren hautagaitzak, «sinesgarritasun eta gaitasun frogatuak izateaz gain, argi erakusten du EH Bilduk nolako anbizioarekin eta segurtasunarekin egiten dien aurre 2023ko udal hauteskundeei». Viterorekin batera, EH Bilduk proposatu du Unai Fernandez de Betoño izatea alkateorde. Ostegunetik larunbatera bitartean egingo da hautagaitza babesteko edo baztertzeko bozketa.
Atzo, berriz, Arabako Mahai Politikoak Eva Lopez de Arroiabe (Gasteiz, 1973) aurkeztu zuen Arabako ahaldun nagusi izateko. Lopez de Arroiabe zuzendaritzako idazkaritzako tituluduna da, eta 2007tik 2011ra UAGA eta EHNEko zuzendaritzako kidea izan zen. EHNEren berdintasun saila zuzendu zuen. 2014 eta 2016 artean, Gure Soroaren, Arabako Emakume Nekazarien Elkartearen lehendakariordea izan zen. 2013tik 2017ra, Larreako Batzar Administratiboko lehendakaria izan zen, eta 2015etik aurrera batzarkide izan da Arabako Batzar Nagusietan. 2016tik 2020ra, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea ere izan da.
Arabako Mahai Politikoaren ustez, Lopez de Arroiabek «inork baino hobeto ordezka dezake, egun, EH Bilduren egitasmo politikoa Araban. Bere ibilbide profesional eta militantean zehar, eta azken urteetan Kike Fernandez de Pinedorekin batera eskuz esku egindako lanean, lurraldearen ezagutza sakona pilatu du, Errioxatik Aiaraldera eta Añanatik Lautadara». Bozketa maiatzaren 27an, 28an eta 29an izango da.
Arabako eta Gasteizko hautagaien aurretik, EH Bilduk Nafarroako lehendakaritzarako eta Iruñeko alkatetzarako prozesuak gauzatu zituen. Horietarako, Laura Aznal eta Joseba Asiron hautatu dituzte.