Euskal presoak

Alaitz Aramendi presoari «bizi osorako zigor ezkutukoa» jarri diotela salatu du Sarek

Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera lelopean, 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatuko du Sarek kanpaina batean.

Sare mugimendu herritarreko kideak, gaur goizean, Orozkon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 21a
15:35
Entzun

Frantziako Poliziak Cahorsen (Frantzia) atxilotu zuen Alaitz Aramendi orozkoarra (Bizkaia), 2007ko irailean, ETAko ustezko beste hiru kiderekin batera. Ordutik espetxean dago, eta, haren egoera salatzeko asmoz, Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera kanpaina abiatuko du Sare mugimendu herritarrak. 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatzea da kanpainaren asmoa. Izan ere, lege horien atzean «bizi osorako zigor ezkutukoa» dagoela adierazi du Sarek: «Giza eskubideen aurkakoak dira». Egun, Zaballako espetxean (Araba) dago Aramendi.

40 urteko zigorra ezarri diote Aramendiri, «bizi osorako kondena ezkutukoa». Eta horren atzean, «kalte psikologiko eta fisikoak» daudela nabarmendu dute: «Lege hau ez dator bat bere burua demokratikotzat eta zuzenbidekotzat duen estatu batekin».

Frantziako kartzeletan 13 urte pasatu ostean, iaz Espainiaratu zuten, eta, orain, 7/2014 legearen ondorioz, berriro ere bete beharko du kondena delitu bera egotzita: «Ezarritako zigorrak baliokideak izan beharko lirateke, baina lege honen ondorioz, Alaitzek betetako zigorra ez da Espainian ezarritakora batu, eta berriro ere betetzera behartuta dago».

Salbuespenezko politika horiek amaitzeko eta 7/2003 eta 7/2014 legeak bertan behera uzteko lan egin dezatela eskatu die Sarek alderdi politikoei. «Giza eskubideez eta pertsonen biziaz hitz egiten ari baikara», gaineratu dute.

Kasu gehiago

Alaitz Aramendiren kasuaz gainera bi lege horiek aplikatzen zaizkien beste 50 euskal preso daudela salatu du Sarek: «Azken urteetan pozgarriak eta esperantzagarriak diren hainbat urrats eta aldaketa ikusten ari bagara ere, oraindik salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkie euskal presoei, eta horixe da, hain zuzen, Saretik behin eta berriro salatzen duguna». Aramendiren kasuan, gainera, emakume izateagatik zigor «are gogorragoa» jasaten ari dela adierazi dute: «Epai judizialaz gain, espetxe sistema patriarkalaren baitako epai moralari aurre egin behar die».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.