Basauriko kartzelako (Bizkaia) tratamendu batzordeak proposatuta eta Eusko Jaurlaritzak onartuta, hirugarren graduan jarriko dute Iñaki Bilbao Gaubeka euskal presoa. 1998ko ekainetik dago preso Bilbao Gaubeka, eta 25 urteko espetxe zigorra du guzira, ETAko kide gisa hainbat delitu egitea leporatuta. Heldu den urtean beharko luke libre, beraz.
Euskal presoa iazko apirilean jarri zuten bigarren graduan —euskal preso ugari bezala, lehenean zegoen— eta maiatzean ekarri zuten Euskal Herrira, Zueratik (Espainia, 245 kilometro).
BERRIAren zenbaketaren arabera, Espainiako Estatuan preso dauden motibazio politikoko hamazazpi euskal preso daude gaur egun hirugarren graduan. Bertze gainerako gehienak bigarrenean daude.