Gaur aurkeztu dute Euskal Herriko lehen amatasun modulua. Bertan, hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakumeek aukera izango dute espetxeko leku horretan bizitzeko, eta hamar urtetik beherako haurrak dituzten emakumezko presoek beren seme alaben bisitak jasotzeko aukera ere izango dute gune horretan. Ekainaren bigarren hamabostaldian zabalduko dute, baina «behin-behinekoa» izango da, Zubietako espetxe berria ireki bitartean. Hala esan du Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Orain arte, haurrak espetxean izan nahi zituzten emakumeek Euskal Herritik kanpo zeuden espetxeetara joan beharra zuten.
Amatasun Unitateak bi solairu izango ditu; guztira, 406 metro karratu. Lehenengo solairuan, zazpi gela jarriko dira, eta dutxak ere bai. Beheko solairuan, berriz, hiru areto txiki eta egongela bat. Haurrentzako jolastoki bat ere izango da.
Sailburuak adierazi duenez, laster preso dauden bi emakume erditzekoak dira, eta horiek aukera izango dute modulu berria erabiltzeko. Gainontzekoan, oraindik ez dago moduluan sartzeko eskaerarik. Artolazabalek adierazi du Jaurlaritzak kartzelen transferentzia jaso zuenean argi zeukatela amatasun unitate baten beharra zegoela: «Bizkaiko kartzelan preso emakumerik ez dagoenez, erabakia Araba eta Gipuzkoaren artean zegoen. Azkenik, hona etortzea erabaki genuen, uste
genuelako espazio hori zela adingabeentzako berme gehien eskaintzen zuena. Erabilera aldakorraz gain, aldi baterako ere bada, eraikitzen ari den espetxe berriak aukera emango baitigu unitate hori hasieratik gaitzeko».
Hain zuzen ere, adierazi du «gutxienez lau hilabeteko atzerapena» izango duela Zubietako kartzela berriaren irekierak. Azaldu duenez, 2024. urtean irekitzeko asmoa daukate.
Dimisioen polemika
«Ez dimisiorik, ez krisirik... esku artean duguna lan handia da». Horrela gezurtatu ditu Beatriz Artolazabalek azken asteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu dutela zioten zurrumurruak. Sailburuaren arabera, «informazio ez oso zorrotz batek sortutako polemika» baino ez da izan, «kolektibo batzuen interes partikularrek bultzatua».
Hain zuzen, Martuteneko espetxean egin ditu adierazpenak, hiru espetxeetako zuzendariak —Marian Moreno Gipuzkoakoa, Benito Aguirre Arabakoa eta Vicenta Alonso Bizkaikoa— ondoan zituela. Gipuzkoako kartzelako amatasun unitateko obretara egin duten bisita baliatu dute gertatutakoaren gaineko adierazpenak emateko: «Bakoitzak bere hitzen ardura har dezala, denborak jarriko du nor bere lekuan», esan du Artolazabalek.
Marian Moreno Gipuzkoako espetxeko zuzendariak ere hartu du hitza: «Hemen nago gaur. Eta, dimititu izan banu, bistan da ez nintzela hemen egongo». Adierazi du ez dakiela zergatik ikusi duen bere burua «halako polemika batean nahastuta»: «Martutene nire kartzela da, bizitza erdia baino gehiago daramat hemen lanean, eta orain arte jarraitu dudan bidea ez da asko aldentzen Eusko Jaurlaritzak arlo honetan jarraitzen duen ildotik».
Funtzionarioen «lekualdatzeak»
Aste honetan El Mundo-k zabaldutako informazioaren arabera, funtzionarioen lan baldintzetan dago arduradunen ustezko dimisioen iturria: azken lehiaketan, adostu baino langile gutxiago hartu dituzte, hedabidearen hitzetan, eta soldatak txikitu eta egun libreak gutxitu dizkiete funtzionarioei.
Horren inguruan galdetu diete kazetariek sailburuari, eta adierazi du bere sailak ez duela jaso «inolako auzi jakinarazpenik»: «Erregistro elektroniko bidezko erreklamazio bat baino ez dugu jaso. Eta bertan eskatzen zaizkigunak egokien deritzogun moduan erantzungo ditugu».
Horrez gain, azaldu du espetxeetako langileek eskatutako lekualdatzeek eragindako hutsune bat baino ez dagoela, langile faltari dagokionez: «Transferentziak eskuz aldatzeko prozesuan, langileak lekualdatzeko lehiaketa bat egin da, funtzionarioen mugimendu bat. Horren azken emaitza izan da zazpi lanpostu hutsik geratu direla funtzionarioen sarrera eta irteerak direla eta». Gehitu du ez dela izan medioetan azaldu den antzerako «hondamendirik», ez eta funtzionarioen «ihesaldirik».
Hutsik dauden lanpostu horiek betetzera begira, lehenik postua bete nahi duten pertsonei «formazio teoriko eta praktikoa» eman behar zaiela esan du Artolazabalek, eta hori egin ondoren lan poltsa bat egiteko asmoa daukatela.