Euskara

Administrazio auzitegira jo du Seaskak, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra

2019an EEPk eta hirurek izenpetu zuten hitzarmena ez betetzea leporatzen diote Frantziako estatuko administrazioari. Ikasleek baxoko azterketa batzuk euskaraz egiten ahalko zituztela adostu zuten hiru erakundeek.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko maiatzaren 19a
16:12
Entzun

Frantziako Hezkuntza ministerioaren borondate falta juridikoki konpondu nahi du Seaskak. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak Paueko Administrazio Auzitegira jo du azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Zehazki, Frantziako Hezkuntza ministerioa salatu du, 2019ko uztailean EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta hiruek izenpetu zuten hitzarmena ez betetzea leporatuta. Ikasleek baxoko Ahozko Handiaren parte bat euskaraz egiten ahalko dutela idatzia da bertan, baina uko egiten diote neurria aplikatzeari. Azken hilabeteetan, Bordeleko errektoreak Seaskako kideei erran izan die idatzitakoaren «beste irakurketa bat» egiten duela. «Bide berri bat hartzea erabaki dugu: epaileari erranaraztea Hezkuntza ministerioa behartua dela aplikatzera hori, eta gure terminaleko ikasle guziek eskubidea dutela Ahozko Handi hori euskaraz pasatzeko», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Honela dio 2019an izenpetu zuten hitzarmenaren testuak: «Batxilergoan murgiltze ereduetako ikasleek parada ukanen dute euskaraz idazteko Historia-Geografiako kontrol jarraikiko proba amankomunetan eta irakaskuntza zientifikoetako kontrol jarraikiko proba amankomunetan. Azkenik, sail elebidunetako eta murgiltze ereduetako ikasleek ahozko handiko zati bat euskaraz egiten ahalko dute». Jorajuriaren iritziz, esaldiak ez du interpretaziorako tarterik uzten.

Seaskako lehendakariak oroitarazi du aspalditik ari direla borrokan azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. «Azken urte eta hilabeteetan eraso anitz izan ditugu. Ez dugu ulertzen nondik heldu den oposizio hori. Ez da antolaketa arazorik: zuzentzaileak badira beste sareetan, publikoan, elebidunean, gure ikasleen lanak zuzendu ditzaketenak. Ez da arazo juridikorik: legeak dio argiki azterketak frantsesez egin behar direla, salbu euskararen irakaskuntzak bestela behartzen duelarik. Badu 30 urte lege puntu hori erabiltzen dugula brebeta osoki euskaraz egiteko, eta Historia-Geografia eta Matematika euskaraz egiteko baxoan».

Abenduan zirkularra

Funtsean, hiru dokumentuk berresten dute Seaskaren eskaera. Batetik, Jorajuriak aipatutako Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan; bestetik, EEPk, ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmenak; eta, azkenik, joan den abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da azken horretan.

Horiek horrela, Frantziako hezkuntza administrazioaren «erabaki politikoa» da azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea, Jorajuriaren hitzetan: «Susmatzen dugu badela nahikeria bat gure ikasleek frantses gehiago izan dezaten irakaskuntzan. Funtsean, hori baita gertatzen dena. Proba bat frantsesez aurkeztu behar delarik, azken hiruhilekoan, azken hilabeteetan, irakasleak behartuak dira frantses pixka bat sartzera haien irakaskuntzan. Eta gure murgiltze eredua hausten dute hori eginez».

Seaskak lehengo astean aurkeztu zuen helegitea Paueko auzitegian, eta horrek eskaera aztertzea erabaki du. Heldu den astelehenean izanen da auzi saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.