Hezkuntza

Legebiltzarrak proiektu pilotu bat eskatu dio Jaurlaritzari, eskoletan software libreko plataforma bat martxan jartzeko

EH Bilduren ekimenez, erdibideko zuzenketa bat sinatu dute EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Digitalizazioa «etikoa eta arduratsua» izan dadila eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, baita software askea susta dezala ere.

Ikasleak ordenagailuekin ikasten, Zarauzko Orokieta eskolan, artxiboko irudia. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 19a
13:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Googlerekin sinatutako akordioak harrabotsa eragin zuen duela aste batzuk. Orain, kontrako noranzkoan joateko eskatu diote Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi nagusiek Eusko Jaurlaritzari. EH Bilduren ekimenez, erdibideko zuzenketa bat sinatu du EH Bilduk berak, baita EAJk eta PSE-EEk ere. Bertan, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote proba pilotu bat egitea, ikastetxeetan software askeko plataforma bat garatzeko: «Tresnen osagarritasun printzipioa eta ikastetxeen autonomiaren printzipioa errespetatuz, hezkuntza digitalerako plataforma integral bat garatzeko proiektu pilotu bat definitu, garatu eta abian jar dezala zenbait ikastetxetan». Erantsi dutenez, plataforma hori «software libreko soluzio teknologikoek» osatuko dute, eta gauza izan beharko du ikastetxeen behar teknologikoak asetzeko eta osatzeko. Gainera, haien hitzetan, gainerako hezkuntza plataformen antzeko irtenbide teknologikoak eskaini beharko ditu, «ikastetxeek baldintza berdinetan aukeratzen dutela bermatuz».

Horrela, software librearen alde egin dute apustu sinatzaileek, eta gobernuari zuzendu zaizkie, eskaera hau eginez: «EAEko ikastetxe guztietan hezkuntza digitala gauzatzeko software askearen erabilera sustatu dezala, informazio saioak eta prestakuntza emanez ikasle, familia eta irakasleei».

Prestakuntzari ere erreparatu diote. Zehazki, ikastetxeen «alfabetatze digital integralean» aurrerapausoak eskatu dituzte, ikasleen eta irakasleen gaikuntza indartuta. Horretarako, beharrezko baliabideak eskura izatea proposatu dute: «Kalitatezko prestakuntza prozesu bat erraztuko duten azpiegiturak eta tresnak izango dituzte, teknologiaren arloan ekitatea eta aukera berdintasuna zainduko dutenak, Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitaleko Planaren jarduerak garatuz».

Laburbilduz, hauxe Eusko Jaurlaritzari eginiko eskaera: digitalizazio «etiko eta arduratsuaren aldeko apustua» egitea. Ildo horretatik jotzeko, Europako Batzordearen Hezkuntza Digitalaren Ekintza Planetik eratorritako printzipioen arabera aritzea nahi dute, «pribatutasuna eta arau etikoak errespetatzen dituzten balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dituzten konponbide, tresna eta plataforma teknologiko erraz eta seguruak eskuratuz».

«Aurrerapauso garrantzitsua»

EH Bildurena izan da ekinbidea, eta, Lore Axpe legebiltzarkideak nabarmendu duenez, «aurrerapauso garrantzitsua» da, software askearen erabilera sustatu eta modu progresiboan orokortze aldera. Martxan ipini asmo duten proiektu pilotuaren garrantzia nabarmendu du: «Plataforma horrek aukera emango du Microsoft eta Googleren hezkuntza plataformak eskaintzen dituzten soluzio teknologiko analogoak eskaini eta beste plataforma horietatik ikasleak inportatzeko, ikastetxeek hiruren artean bata edo bestea baldintza berberetan aukeratu ahal izan dezaten». Kontrara, Googlerekin sinatutako ituna gaitzetsi du: «Ez ditu bermatzen hezkuntza akordioan arlo digitalari buruz jasotako oinarriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.