Enrique Maia Iruñeko alkateak hamabi metro luze eta zortzi metro zabal izango dituen Nafarroako bandera erraldoi bat jarri nahi du Foruen plazan. Zehazki, Zaragozako etorbidetik hurbil dagoen Foruen plazako mutur batean kokatu nahi du bandera, Vianako Printzearen plazarantz joateko norabidean. Hamabi metro luze eta zortzi metro zabal izateaz gain, 30 metro izango dituen masta luze bat ere izango du bandera erraldoiak, eta nahi beste aldiz altxatzeko nahiz astintzeko korda motordun bat ere izango du.
Dagoeneko hasiak dira bandera jartzeko zimendatze lanekin. Iruñeko Udaleko Obra Zerbitzuko langileak ari dira jardun horretan, baina mastari eta banderari lotutako egitekoak Iberti enpresako langileek egingo dituzte.
Mastari eta banderari lotutako fabrikazio, garraio eta instalazio gastuak 75.000 euro inguru izango direla adierazi dute. Horri, baina, zimendatze lanen gastuak gehitu behar zaizkio. Kontu horiek kontuan hartuta, 100.000 euro inguruan geldituko da.