Hamar hilabeteren ondoren eta aurkako txosten batez lagundurik, Europako Batzordera bidali du Espainiako Nekazaritza Ministerioak Arabako Errioxako ABRAko upategi txikiek sustatu duten zigilu berriaren proiektua. Ezin zuen beste ezer egin. Madril saiatu da izen berria oztopatzen modu guztietara, Errioxatik jaso duen presio izugarriaren ostean, baina haren ardura zen zigilu berriaren eskaera Bruselara igortzea. Gogoz kontra eta zigilua ez onartzeko eskatuz, baina proiektua Batzordeko administraziora bidali du jadanik.
Eta orain zer? Bada, Arabako Mahastiak aurten erabiltzeko moduan egon daitekeela. Batzordeak aldeko edo aurkako ebazpena eman arte, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko baimen bat eman dezake, eta baimen hori nahikoa litzateke Arabako Errioxako ardoa Arabako Mahastiak markapean merkaturatzeko, betiere Espainiako Erreinuaren barruan. Izen horrekin ezingo lukete ardoa esportatu ABRAko upategiek Europako behin betiko oniritzia lortu arte. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren babesa duela zigilua: Gasteizek igorri zuen Espainiako Gobernura Madrilek bidal zezan Bruselara.
Ekonomiaren Garapeneko Sailak BERRIAri argitu dioenez, baimen hori emateko prest dago. «Gu tramitatzaileak gara, ez gara parte», esan dute Saileko iturri ofizialek. «Betebehar administratibo eta juridiko guztiak badituzte, eta eskaera egiten badute, guk eman egingo dugu baimen hori». Are, Sailak azaldu du ez balute emango «prebarikazioan» ariko liratekeela. Beraz, ABRAko upategi txikien teilatuan dago pilota orain: benetan azken pausoa eman nahi badu inork Errioxako sor-markatik ateratzeko, eskatzea baino ez du Eusko Jaurlaritzaren administrazioan.
Errioxaren amorrua
Arabako Errioxan aspaldikoa da upategi gehienen etsipena Errioxako jatorri izenaren jarrera dela eta. Errioxako aterki handi horren azpian eskualdeko izaera eta ardogintzan aritzeko modu desberdina galdu egiten dela azaldu dute behin eta berriro eragile gehienek, eta, modu batera edo bestera, Errioxaren itzaletik atera behar dela bizirik irauteko. ABRA Arabako Errioxako upategi txikien elkarteak Arabako Mahastiak zigiluaren proiektua abiarazi zuen 2016an, eta bidean ika-mika izugarria eragin ondoren —Errioxako sor-markaren barruan zein Araban bertan—, sor-marka berria iritsi da azken atera: Brusela.
Oraindik ez da ezaguna zenbat upategi dauden prest Errioxa markaren babes handia utzi eta zigilu berriarekin hasteko. ABRAko presidente Itsaso Compañonek, El Mozo Wines upategiko jabea bera, BERRIAri esan zion, duela hilabete batzuk, hura prest zegoela Arabako Mahastiak sor-markara aldatzeko, eta jakin badakiela beste hainbatek ere gauza bera egingo dutela Bastidan, Guardian, Lantziegon, Samaniegon, Villabuenan eta Arabako Errioxako upategi txiki gehiagotan ere.
Haien izenak jakinarazi ez badira ere, ez dira ABRAko kide guztiak —120 inguru ditu— prest daudenak urrats hori egiteko. Izan ere, ardogile gutxi batzuk elkartetik atera dira proiektuarekin ez daudelako ados. Sor-marka berriaren inguruko eztabaidari kutsu politikoa eman diote Errioxa erkidegoan, izan ere. «Separatismoa» eta «proiektu nazionalista» ohiko esamoldeak dira lurralde horietako erakundeen eta hedabideen ahotan proiektuari buruz hitz egitean, eta ez dute ezkutatzen upategi batzuk Errioxa ardoaren aterkitik ateratzeak min handia eman diela. Beldur handia dago Arabako Errioxako ardoek ez ote duten lortuko balio erantsi bat merkatuan kalitatearekin lotua.
EAJren saioa
Arabako Mahastiak ez da Errioxa sor-markaren botere ahalguztiduna atzean uzteko Araban egindako saio bakarra. EAJk saio bat egin zuen Espainiako Kongresuan jatorri izenen legean aldaketa batzuk eginez, bidea libre uzteko beste egitasmo bati: Errioxako sor-markaren barruan beste kontseilua bat sortzea Arabarentzat. Eskandalu handia eragin zuen aukera horrek Errioxan, eta, Logroñoko gobernuak eta upategi handiek bat eginda, Sanchezen gobernuak saio hura bazter zezan lortu zuten.
Are, Errioxako kontseiluak auzitara jo zuen Eusko Jaurlaritzaren aurka, iazko abenduan. Gasteizko gobernuak Arabako Mahastiak zigiluari bide emateagatik salatu zuen sor-markaren kontseiluak, EAEko Justizia Auzitegi Gorenean. Auzitegi horrek ez du ebazpenik eman gaur arte, baina luze gabe espero da epai bat. Errioxak oso argi utzi du laster jakinaraziko duten ebazpena gustuko ez badu, helegitea jarriko duela Arabako Mahastiak oztopatzen jarraitzeko: «Bide orri argia dugu horrek aurrera egin ez dezan», esan du Jose Luis Lapuente Errioxako izendapen kontseiluko presidenteak.
Arabako Foru Aldundia
Araban ere ez dago adostasunik Arabako Mahastiak proiektuaren inguruan. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek sarritan azaldu du eskualdeko ardoak desberdintzeko bidea ez dela Errioxaren markatik ateratzea. Ez du babesten ABRAren proiektua, eskualdeko upategi handiagoekin lerrokaturik. Baina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailak ateak zabaldu dizkio sor-marka berriari, eta Arantxa Tapia sailburuaren oniritziarekin Madrilera igorri zen proiektua.
Orain, Lakuara itzuli da pilota. Bruselak jaso du egitasmoa, eta Arabako Mahastiak izena erregistraturik geratu da beste inork erabil ez dezan; eta, ondorioz, Jaurlaritzaren behin-behineko baimen bat besterik ez du behar aurten bertan balia dezaten Arabako upategi txikiek. Azken urratsa, ordea, upategiek beraiek egin behar dute behin-behineko baimena jaso eta Errioxako sor-martik kanpo merkaturatzen hasteko.