Klima larrialdia

Australiako arbolen heriotza tasa bikoiztu egin da 1980tik

Nature aldizkariaren arabera, klima aldaketak eragin du zuhaitzen bizialdien murriztea. Ohartarazi dutenez, baso tropikalak «giltzarri» dira klima larrialdia geldiarazteko; ordea, «oso kalteberak» dira aldaketen aurrean. 2.305 hil dira 1971tik.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 18a
19:33
Entzun

Australia iparraldeko zuhaitzen bizialdia erdira murriztu da azken 35 urteetan. Datu beltza eman du berriki Nature aldizkariak argitara ateratako ikerlanak. Zehaztu dutenez, herrialde horretako iparraldean diren baso tropikaletako arbolen urteko heriotza tasa bikoiztu egin da 1980az geroztik. Plazaratu dutenez, klima aldaketa da, segur aski, heriotza horien hazkundearen erantzule nagusia, azken urteotan nabarmen txikitu baita atmosferak biltzen duen ur lurrunaren presioa.

Arbola horien heriotza tasa %1 zen lehen; %2 da orain. Zifra txikiak izanagatik ere, zuhaitz mordoa dago portzentaje horien atzean: 1971tik, 2.305 zuhaitz hil dira. Azken 49 urteotan, txostena ondu duen ikerlari taldeak xehetasunez egin du zuhaitzen zenbaketa herrialdeko basoetako 24 eremutan; azterlan horretatik jasoa da emaitza. Halaber, erantsi dutenez, 2006an eta 2013an hil ziren zuhaitz gehien, urte horietan izandako bero boladen eraginez.

Izan ere, beroak eta, oro har, klima aldaketak ekarri du heriotza tasaren bikoiztea, Nature-koen ustetan. Datuen interpretazioa eginik, aise ondorioztatu du lantaldeak: azaldu dute atmosferako lurrunaren presioa aspaldi dela defizitean, eta defizit hori handitu den abiada berean handitu dela heriotza tasa ere. Defizita geroz eta handiagoa, orduan eta ur gehiago galtzen dute arbolen hostoek. «Horrek hostoak zimeltzea ekar dezake, adarrak hil egiten dira ondorioz, eta, egoera horrek luze irauten badu, arbola hil egiten da», azaldu du txostenaren egile David Baumanek.

Halaber, Baumanek ohartarazi duenez, Australiako oihanetan gertaturiko fenomenoaren kalteak aldebikoak dira guztiz. «Zuhaitzak funtsezkoak dira klima larrialdiari aurre egiteko, karbono dioxidoa xurgatzen dutenez gero. Ordea, baso tropikal horiek bereziki zaurgarriak dira aldi berean». Sorgin gurpila da, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.