KLIMA LARRIALDIA

Klima larrialdiarekin lotutako lau adierazlek markak hautsi zituzten iaz

Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren datuek «argi» erakusten dute «giza ekintzak ari direla mundu mailan aldaketak eragiten Lurrean, ozeanoan eta atmosferan, eta horiek ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak dituztela ekosistemetan eta garapen jasangarrian».

Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 18a
17:32
Entzun

Klima larrialdia areagotzen ari da. Izan ere, Munduko Meteorologia Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, klima krisiarekin lotutako lau adierazlek markak hautsi zituzten iaz. Berotegi efektuko gasen pilaketa, itsas maila, ozeanoen berotze edukia eta haien azidotzea dira adierazleak, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak ohartarazpen bat egin du gaur ikerketaren berri eman eta gero: «Datuek argi asko erakusten dute, berriro, giza ekintzak ari direla mundu mailan aldaketak eragiten Lurrean, ozeanoan eta atmosferan, eta horiek ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak dituztela ekosistemetan eta garapen jasangarrian».

Tenperaturek, oro har, ez zituzten markak hautsi 2021ean, eta hori izan zen, nagusiki, La Niña fenomenoaren ondorioz. Mundu mailako batez besteko tenperatura 1,1 gradu beroagoa izan zen industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta (1850-1900), eta aintzat hartu behar da Parisko Hitzarmenean (2015) helburutzat jo zutela mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago XX. mendearen hasierakoaren alderatuta.

Ikusi gehiago:Australiako arbolen heriotza tasa bikoiztu egin da 1980tik

Adierazleei beraiei dagokienez, txostenean nabarmendu dute ozeanoen pH-a azken 26.000 urteotako mailarik baxuenean dagoela, eta azidifikazio hori gertatzen dela ozeanoek xurgatzen dutelako gizakien ekintzarengatik sortutako karbono dioxido isurketen ia laurdena. Itsas mailaren igoerari dagokionez, goia jo dute datuek. 2013-2021 epean 4,5 milimetro igo zen, batez beste, urtero. Horrek esan nahi du 1993-2002 artean erregistratutako halako bi egin zuela gora. Hori gertatu da, txostenak dioenez, izotz kontzentrazio handiak masa galtzen eta urtzen ari direlako.

«Gure begien aurrean ari da aldatzen klima. Berotegi gasen ondorioz atmosferan pilatutako beroak belaunaldi askoan berotuko du planeta», azpimarratu du Munduko Meteorologia Erakundearen idazkari nagusi Petteri Taalasek gaur dokumentuaren aurkezpenean. Nabarmendu dute, bide batez, Antartikako ozono geruzaren zuloa «ohikoa baino zabalagoa eta sakonagoa» izan zela; hain zuzen, 24,8 milioi kilometro koadrokoa.

«Klima hondamendia»

«Egungo energia sistemak ez du funtzionatzen, eta gero eta gehiago hurbiltzen gaitu klima hondamendira», ohartarazi du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak. Energia eredua aldatzeko deia egin du: «Erregai fosilak kale itsu bat dira ingurumenari dagokionez, baita ekonomikoki ere».

Egunotan bero olde bat pairatzen ari dira India ipar-mendebaldean eta Pakistanen, eta, NBEren agentziaren datuak aintzat hartuta, Erresuma Batuko Meteorologia Zerbitzu Nazionalak ondorioztatu du klima larrialdirik gabe hiru mendez behin gertatuko zen fenomenoa orain hiru urtez behin gerta litekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.