Ez dute oraindik Espainiaratu, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak jada jarri dio data Josu Urrutikoetxeari: 2024ko urtarrilaren 9an, 10ean eta 11n izanen du epaiketa Madrilen, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta. Fiskalak 2.354 urteko espetxe zigorra galdegina du euskal preso ohiaren aurka atentatu hori egotzita: orduan hildako bakoitzarengatik —11 pertsona—, 30 urte; eta hiltzen saiaturiko bertze 88 lagunengatik, 23na urte. Are gehiago eskatu du akusazio partikularrak: 2.774 urteko espetxe zigorra.
Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur egin du publiko Urrutikoetxea auzitegira deitzeko autoa; horretan zehaztu du epaiketaren data, eta zehaztu du estradizio bidez eramanen dutela Espainiara, Frantzian dituen auziak bukatu ondoren edo behin-behinean entregatuta. Frantziako Dei Auzitegia Urrutikoetxea estraditatzeko eskaeraren alde azaldu zen 2020ko urtarrilean, Zaragozako atentatuagatik epaitzeko, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko azaroan berretsi zuen kasu horregatik epaituko zuela. Fiskalak otsailean gogoratu zuen, ordea, Frantziak oraindik ez duela Urrutikoetxea Espainiaratzeko dekretua igorri. Gaur egun Lapurdin bizi den euskal preso ohiak iazko martxoan deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, telematikoki, eta atentatu horretan parte hartu izana ukatu zuen.
Epaiketaren data zehaztu ez ezik, Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen defentsak egindako eskaera bati ere erantzun dio, bertze auto batean. Abokatuak eskatua zuen Zaragozako atentatuari buruzko txostenak egin zituzten guardia zibilen datu pertsonal eta profesionalak emateko. Auzitegiak ez du onartu eskaria, argudiatuta defentsak ez duela eman «zantzurik» atentatuaren eta guardia zibilen arteko ustezko lotura «estu, familiar eta profesionala» erakusten duenik.