«Heldu da albisterik Amorebietatik?». Argiak piztuta, 1872ko maiatzaren 24a da Zornotza antzokian (Bizkaia), gerra piztu da berriz, eta bakea sinatzear daude Serrano jenerala eta Orue diputatua Zornotzan: bake promesa horren lanbroak bildurik dirudite gatibu hartutako mikelete batek eta hura zaintzen duen soldadu karlistak Morgako kanpalekuan (Bizkaia). Bat-batean iluntzen hasi da giroa, ordea. «Zer... Zer gertatzen da? Esan, zer gertatzen da?». «Tropa liberalak gerturatzen ari dira, asko dira: kanpamentua desegin eta mendira jo behar dugu». «Eta?». Isiltasun labur bat. «Ezin dugu gatiburik eraman». Isiltasuna. «Ba utz nazazu hemen». «Aginduak ditugu». «Aginduak? Zer agindu?!». «Sententzia bete behar dugu». «Ez zara benetan ari! Zornotzan bakea negoziatzen ari dira!». «Ez dakigu nola bukatuko den hori». «Iritsiko dira... Iritsiko dira akordio batera. Gerra amaitu da, zertarako nahi duzu hildako bat gehiago?». Eta, hain justu, puntu horretan eten du hedabideen aurrean egindako entsegua Patxo Telleria antzerkigile eta zuzendariak —«Listo, horraino!»—, soldaduak zer erabakiko duen argitu gabe. Erantzi dituzte gerra jantziak Mikel Losada eta Aitor Fernandino aktoreek, eta baretzen joan zaie arnasa. Txalo hots batzuk eserlekuetatik. Eta saretu da pixka bat tentsioa aretoan.
Hain justu, 150 urte beteko dira egunotan Zornotzako hitzarmena sinatu zenetik, eta gertakari hura oroitzeko eta sozializatzeko ekitaldi sorta bat antolatu du herriko udalak. Helburu horrekin heldu zitzaion antzezlan bat sortzeko enkargua ere Telleriari, eta lan horren emaitza da Bake lehorra izeneko obra. Antzerkigileak onartu duenez, ordea, kasu honetan «aitzakia bat» da hitzarmena gerraz, bakeaz eta mailaketa sozialak sufrimenduaren zabalpenean duen eraginaz gogoeta egiteko. Tartean konpainiaren zigiluarekin, larunbatean estreinatuko dute lana, lehenik gazteleraz, eta astelehenean emango dute euskaraz.
Lau kontakizuneko mosaiko bat
«Hasieran horrelako muzin bat egin nion», aitortu du Telleriak. Ez zuen gertakari historikoa zehatz ezagutzen, eta ez zuen argi ikusi nondik jo ere, baina enkarguari baietz esan, gaiari buruz irakurtzen hasi, ideia bat piztu, eta, azkenerako, enkargua «oso mamitsua» suertatu zaiola onartu du. Lanean hasia zenean piztu zen Ukrainako gerra, gainera, eta horrek proiektuari «beste dimentsio bat» eman ziola sentitu zuen antzerkigileak. «Ez nuen Zornotzako itunaren berri, baina XIX. mendeko historia beti interesatu zait. Mende horrek markatu gintuen denok, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Gaur egun ezagutzen ditugun hainbat eta hainbat kontzeptu ere garai hartan sortu ziren: eskuina, ezkerra, liberalak...».
Aldi berean gertatzen diren lau kontakizunen mosaiko bat da obra, funtsean. Zornotzako bulego batean, bakea hitzartzen saiatzen dabiltza Serrano jenerala eta Orue diputatua. Justu bulegoko atearen beste aldean, bando banatako bi ofizial ari dira hizketan. Urrunxeago, baina une berean, Morgako kanpalekuan, mikelete bat fusilatu edo ez fusilatu zalantzan dabil soldadu karlista bat. Eta, azkenik, handik justu bederatzi legoatara, Oñatiko kanposantuan (Gipuzkoa), liberalen eta karlisten arteko liskarraldi batetik irtendako bala galdu batek hildako haurra lurperatzen ari dira bi nekazari.
Piramidea eta sufrimendua
Eta piramide baten forman txertatu du lau kontakizun horietako bakoitza Telleriak. «Boteretsuenak, ofizialak, bi gixajo eta, oraindik ere beherago, populazio zibila. Zenbat eta ardura handiagoa izan gertatzen denarekin, orduan eta sufrimendu gutxiago; eta zenbat eta ardura gutxiago izan gerrarekin, orduan sufrimendu handiagoa».
Bi aktorek jokatuko dituzte pertsonaia eta eszena guztiak obran: Losadak eta Fernandinok. Eta eurek egingo dituzte batetik besterako trantsizioak ere. Kazetari txalekoa jarrita egingo dituzte narratzaile lanak halakoetan, eta hala gidatuko dute ikuslea eszenaz eszena, gunez gune. Zuzenean hitz egingo diote publikoari, eta gerrari, bakeari eta historiari buruzko gogoetak ere tartekatuko dituzte. «Ez dakigu Homo sapiens-a berez ote den bortitza», Losadak lehen kolpea, eta Fernandinok jarraipena: «Badakigu humanitatearen historia gerra sendoen eta gerren arteko bake ahulen txandakatze baten kontakizuna dela». «Gaur egun 64 gatazka armatu daude aktibo munduan». Eta hala doaz pixkanaka-pixkanaka abstraktutik zehatzera. «Oso erraza da gerraren sua piztea, baina oso zaila amatatzea», Fernandinok lehenik, eta Losadak gero: «oso ongi dakigu hori euskal herritarrok». Eta, hala, urratsez urrats Zornotzako ituneko bulegora sartu arte.
Bakerik gabeko bake ituna
Zamatuz doa Morgako kanpalekuko eszena oholtzan. Aska dezala eskatu dio mikeleteak soldadu karlistari. Zornotzan bakea sinatzen badute zama egingo zaiola haren heriotza. Eta bakerik sinatzen ez bada ez dutela gerra irabaziko. Arma eskasak dituztela. Galtzen ari direla. Askatzeko, eta hitz egingo duela berak bere alde. Ezetz dio soldaduak buruaz, baina, egiatan, ez daki. Bitartean, Zornotzan jarraitzen dute negoziazioek, eta, azkenean, sinatu, sinatu dute hitzarmena, baina ez da bakerik helduko. Ezein bandok ez zuen testua ontzat jo, ez karlistek ez eta liberalek ere, eta, ondorioz, jarraitu egin zuten borrokek. 1872ko maiatzaren 24a da, lanbroz sinatu dute bakea.