Lan gatazkak

Sindikatuek giharra erakutsi dute Arabako metaleko lehen greba egunean

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta, hiru greba egunetatik lehena dute gaur sektorean. Arrakastatsua izan dela adierazi dute: «historikoa». Datorren asteartean eta ostegunean ere egingo dituzte lanuzteak.

Milaka lagun bildu dira manifestazioan. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 18a
14:29
Entzun

Indar erakustaldia egin dute Arabako metaleko langileek gaur. ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta, hiru greba egunetatik lehena dute gaur. Sektoreko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak «blokeatuta» daudela salatu dute sindikatuek, eta patronalari eskatu diote «fitxa mugitzeko»; gainontzean lanuzteekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Hain zuzen, beste bi greba egun antolatu dituzte datorren asteartean eta ostegunean.

Milaka langilek egin dute bat greba deialdiarekin. Sindikatuek esan dute protesta «historikoa» izan dela, eta erabateko «arrakasta» izan duela nabarmendu dute. SEA patronalak adierazi du, ordea, eragina txikia izan dela. Metalgintzako hitzarmenak 25.000 langileri eragiten die.

Langileak goizeko lehen txandan hasi dituzte protestak. Piketeak egin dituzte Mercedes enpresaren eraikinaren parean. Ertzaintza agertu da berehala, eta tentsio uneak bizi izan diren arren, ez da istilurik gertatu. Ioritz Iglesias ELAko bozeramaileak azaldu duenez, «produkzioari min apur bat» egitea lortu dute goizeko piketeetan: «Ikusi gaituzte, eta argi utzi diogu Mercedesi haiei ere badagokiela SEA patronalarekin negoziatzea».

Mercedesez gain, hala ere, enpresa asko batu dira lanuztera, sindikatuek aditzera ema dutenez: Tubos Reunidos, Iza, Tubacex, WEC… Hori bera azpimarratu du Igor Chillon LAB sindikatuko ordezkariak: «Grebaren jarraipena arrakastatsua izaten ari da. Ez bakarrik Mercedes bezalako enpresa handietan, enpresa txikietan ere».

Piketeen ostean, hiriaren erdigunera mugitu dira langileak, eta 11:30ean Bilbo plazan hasi duten manifestaziora. «Arabako metala borrokan!» oihu artean hasi dute manifestazioa. Jarraipen zabala izan du sektore osoan. Andre Mari Zuriaren plazan egin dute amaierako ekitaldia: ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako bozeramaileek hartu dute hitza. «Produkzioa guztiz eten behar dugu patronalak behingoz entzun gaitzan», ideia azpimarratu dute guztiek. Ekitaldia amaitzean, Mercedesera joan dira behargin batzuk, piketeekin jarraitzera.

Eskakizunak

KPIaren gaineko soldata igoera eskatzen dute, eta 1.400 euro izan dadila gutxieneko soldata, hamalau ordainketarekin. Lanaldia murrizteko eskatzen dute, era berean, eta azpikontratetako langileentzako subrogazioa ere bai. Halaber, ituna aplikatuko delako bermearen klausula bat jaso nahi dute akordioan, eta, modu horretan, lan ituna betetzeari uzteko aukera eragotzi enpresei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.