Finantzak

Kriptodiruak: birtualak ez diren galerak

Bitcoinen eta beste diru digitalen balioa amildu egin da, eta 'luna' izenekoa, berriz, desagertu. Inbertitzaileak arrisku handiko aktiboetatik alde egiten ari dira. El Salvador arriskuan jarri du erorialdiak, bitcoinen aldeko apustua egin baitu.

Emakume bat bitcoin-ak diru gisa onartzen dituen okindegi batean, Santa Tecla hirian (El Salvador).. RODRIGO SURA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 16a
17:36
Entzun

Erorikoak erorikoak dira, birtualak zein fisikoak izan, eta min ematen dute. Bitcoinen eta beste diru digital edo birtualetan inbertitu dutenek patriketan hartu dute mina, ikusten ari baitira haien balioa erdira jaitsi dela eta baten bat guztiz desagertu dela. Ez da gauza berria kriptodiruak amiltzea; aktibo gorabeheratsuak dira, eta duela urtebete ere %30 jaitsi ziren, Txinak mugak jarri zizkienean.

Erorialdi horretatik indartsuago atera ziren, eta gerta liteke gauza bera orain ere, baina criptocrash-ari buruzko hotsak oso ozen entzuten dira orain. Gainera, oraingoan badira bi berritasun: inbertitzaile instituzional gehiago harrapatu ditu, eta herrialde oso bat, El Salvador.

Zer gertatzen ari da?

Kriptodiruek goia jo zuten azaroan, ia hiru bilioi euroren balioarekin. Atzo, 1,15 bilioi euro ziren. Kriptodiruen artean ezagunena, bitcoin, 58.000 dolarretik gora kotizatzen zen azaroan, eta 28.000 dolarrean atzo. Are okerrago doakie beste askori, tartean luna: maiatzaren 6an, 82 dolar balio zuen, eta atzo, 0,0002124. Hau da, ez duela ezer balio. Gauza bera gertatu zaio lunari lotutako terraUSDri: stablecoin edo diru birtual egonkor bat da, eta, teorian, dolarraren balioari lotuta dago, algoritmo baten bidez, baina bat-batean hautsi da lotura hori.

Beste stablecoin askoz handiago batek ere, tether-ek, dolarrarekiko parekotasuna galdu zuen joan den astean, baina terra baino hobeto eusten ari zaio, haren balioa dolarrekin eta AEBetako zorrarekin babesten duelako. Tetherri begira daude orain analistak. Haren porrota kriptodiruen Lehman Brothers unea izan daitekeela ohartarazi dute batzuek.

Zergatik ari dira jaisten?

Hasieran, kriptodiruen jarraitzaileek eta herritar arruntek inbertitzen zuten aktibo digitaletan; estatuei eta multinazional handiei lotu gabeko finantza mundu berri batek erakarrita lehenak, eta diru asko irabazteko aukerak bigarrenak. Baina errentagarritasun horrek bankuen, funtsen eta beste inbertitzaile instituzionalen interesa erakarri zuen, eta dagoeneko haien esku dago diru birtualen erdia. Interes tasa oso apalen garaian, aktibo klasiko eta ziurragoetan lortzerik ez zuten irabazia bilatu dute inbertitzaile instituzionalek. Hau da, neurri handi batean, betiko finantza munduaren espekulaziorako beste tresna bat bilakatu direla kriptodiruak.

Baina pandemiaren osteko suspertzeak ekarritako hornidura arazoek, energia garestiak eta Ukrainako gerrak inflazioa esnatu dutenean, interes tasa ofizialak handitzen hasi dira —edo handitzeko atarian daude, eurogunean bezalaxe—, eta horrek eraman ditu inbertitzaileak aktibo espekulatiboetatik urrundu eta apustu seguruetara itzultzera. Bitcoinak eta antzekoak saltzeko irrikak haien prezioa jaitsi du, erosle interesatu gutxiago daudelako.

Zenbat jaits daitezke?

Hori ez dago jakiterik. Diru digitalek ez dute berez ezer balio, ez dago haien balioa bermatuko duen ezer —ez banku zentral baten dibisarik edo urre erreserbarik, ez enpresa baten ondasunik edo produkturik—, eta soilik balio dute haien truke norbait ordaintzeko prest dagoena. Urrearen pare jartzen dute haren aldekoek, inflazioaren aurkako gordailu bat garai txarretarako, baina aurkako batzuek Ponzi piramideekin konparatzen dituzte: etekina emateko aukera bakarra da erosle gehiago agertzea.

Diru digitalen izaera hori erakusten du bitcoinen kotizazioak: 2010an sortu zenetik 2017 arte mila eurotik behera balio izan zuen, eta konfinamenduen atarian 4.500 euro balio zituen. Haren balioa neurrigabe igo zuen pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko diru merkearen aroa luzatzeak, eta energiaren garestitzeak eta hornidura arazoek ere bultzada handia eman zioten.

Larria al da?

Azken hilabeteetan kriptodiruetan inbertitu eta milaka euro galdu dituztenentzat, bai. Besteentzat, ikusteko dago. Diru digitalen aldekoek nabarmendu dute ohikoak direla gorabeherak, eta inbertitzaile asko ari direla orain saltzen azken urtean izandako irabazi handiak patrikaratzeko, eta luze gabe berriro gora egingo duela. Eszeptikoak, berriz, kriptodiruen Lehman Brothersunea-z hizketan ari dira. Denborak esango du nor dabilen zuzen.

Handia al da merkatua?

Bai, baina neurri bateraino. Oraintxe, kriptodiruek duten 1,45 bilioi euroren balioa Espainiako barne produktu gordinaren neurrikoa da, eta Euskal Herrikoa halako hamabost; baina txiki geratzen da finantza merkatuetan mugitzen denarekin alderatuz gero. AEBetako enpresetako akzioek, esaterako, ia 47 bilioi euro balio dute.

Zer gertatzen da El Salvadorren?

Kriptodiruen eta zehazki bictoinen aldeko apustua egin du El Salvadorko Gobernuak. Kriptozalea da Nayib Bukele presidentea, eta 2021eko irailean erabaki zuen bitcoin legezko dirua izango zela bere herrialdean. Urrian, erreserban zituen 25 milioi dolar gastatu zituen Bitcoin erosteko. Aurreko astean beste 500 bitcoin erosi zituen, bakoitza 30.744 dolarrean, eta jada 2.301 ditu. 70 milioi dolar inguru balio dute, Bukeleren gobernuak ordaindutako ehun milioiak baino gutxiago.

Baina hortik harago doa Bukeleren apustua. Nazioarteko erakundeen finantzaketaren menpe ez egoteko, 1.000 milioi dolar jaso nahi ditu, eta berme gisa bitcoinak jarri ditu. Arazoa da eskaintzak ez duela oraingoz inoren interesa erakarri, eta horrek zalantzak sortu ditu El Salvadorrek bere zorra pagatzeko gaitasunari buruz. Urtarrilean 800 milioi dolarreko bonu bat ordaindu behar du, eta merkatuek uste dute ez duela lortuko. El Salvadorren zor publikoa deskontu handiarekin salerosten da, eta kalifikazio agentziek haien kalitatea zabor bonura hurbiltzen ari dira.

NDFk behin eta berriro eskatu dio Bukeleri kriptodiruak alde batera uzteko, finantza egonkortasunarentzat txarra delako, eta prest azaldu da dirua mailegatzeko. Eta ez dirudi herritarrek asko erabiltzen dutenik. Kriptodiruekin salerosketak egiteko deskargatu behar den Interneteko aplikazioa %20k soilik erabiltzen dute.

Atzera egin du Bukelek?

Ez. Kanpo zorra ordaintzeko arazorik ez duela izango ziurtatu du El Salvadorko presidenteak. Are gehiago, joan den astean bertan Bitcoin City izeneko proiektua aurkeztu zuen. Conchagua aintziraren ondoan eraiki nahi duen hiri bat da, eta han kokatu nahi ditu kriptodiruekin eta blockchain teknologiarekin lotutako industria. Noizbait egiten bada, Bitcoin City­ paradisu fiskal bat izango da: errenta zergarik ez da izango, ez jabetzaren eta ez lanaren gaineko zergarik, soilik BEZa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.