EUSKAL PRESOAK

Inkomunikazioan oinarritutako zigor guztiak baliogabetzeko eskatu du Sarek

Gainontzeko presoei ere Atristain doktrina aplikatzea galdegin du euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak: «Asko dira Xabier Atristainen egoera berean Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu dituen euskal presoak».

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 16a
11:44
Entzun

Sortuk eta Xabier Atristainen abokatuak eskatu zuten joan den astean, atzo Etxerat-ek, eta gaur gauza bera galdegin dute Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileek: Atristaini bezala, inkomunikazioan oinarrituta zigortutako gainerako euskal presoei ere kondenak baliogabe diezazkietela. Sareko eledunek agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen, eta gogoratu dute «asko» direla Espainiako Auzitegi Nazionalak Atristainen «egoera berean» zigortu dituen euskal presoak.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an emandako sententziak izan du jada eragina bertze euskal preso batzuengan, Sarek oroitu duenez. Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak adierazi du, hain zuzen, bere bidea «zuzendu» duela Espainiako Auzitegi Nazionalak Gorka Palaciosen eta Juan Carlos Iglesiasen epaiekin —Atristainen doktrina aplikatuta absolbitu dituzte—. Sareren ustez, gauza bera gertatu behar litzaieke «egoera beraren baitan» zigortuak izan diren preso guziei: «Epai horrek ondorio bat eta bakarra behar luke, justizia demokratikoak onar dezaken ondorio bakarra: defentsarako eskubiderik gabe, ezin da zigorrik egon».

Eskatu dute Espainiako auzitegiak izan daitezela hori moldatuko dutenak: «Auzitegi Nazionalak edota Auzitegi Gorenak irtenbide juridiko egokia eman behar diete kasu horiei guztiei, egoera hau jasan duten pertsonak ez daitezen Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzera behartuta egon». Estrasburgora jo behar izateak euren eskubideak «urratzen jarraitzea» eta espetxealdia luzatzea lekarke, Sareren hitzetan: «Espainiar Estatua zigortua izan da, eta, ondorioz, jasotako zigorra aintzat hartu, eta, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena oinarri hartuta, sortutako eskubide urraketa erreparatzea dagokio».

«Hamarkada luzeak»

Sarek nabarmendu du «hamarkada luzeak» direla arlo politikotik zein judizialetik euskal presoek jasaten dituzten eskubide urraketak «behin eta berriro» salatu dituztela, eta mugimenduak uste du Estrasburgoren epaiaren berrespenak horri «erantzuten» diola. Azpimarratu du atxilotuak diren pertsonek abokatuen laguntza jasotzeko eskubidea dutela: «Eskubide hau atxilotzearen unetik beretik eta epailearen aurrera joan artean errespetatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.