Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzio epaia eman dio Juan Carlos Iglesias presoari, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristainen auzian sortutako doktrina aplikatuta. Hiru epailek osatu dute epaimahaia: Jose Antonio Mora Alarconek, Jose Ricardo de Pradak eta Maria Teresa Garcia Quesadak. De Prada izan da txostena idatzi duena.
Absoluzio epaiaz eta Estrasburgoren doktrina bere egiteaz harago, Auzitegi Nazionala ezohiko gogortasunaz mintzatu da sententzian inkomunikazio aldiaren aurka. Besteak beste, jaso du atxilotua egoera «zaurgarrian» uzten duela eta «zalantzarik gabeko arriskua» dagoela atxilotuari tratu txarrak, mehatxuak eta torturak egiteko. Are, nazioarteko erakunde ugarik inkomunikazioari eginiko kritikak jasotzen ditu, erantsita erregimen horrek «atxilotuaren oinarrizko eskubideak edozein kontroletik kanpo murrizteko espazio objektiboa sortzen» duela.
Epaiak 24 orrialde dauzka, eta hauek dira, hitzez hitz, pasarteetako batzuk:
«Oinarrizko eskubideak bereziki murriztutako esparru batean eginiko deklarazioak dira (...). Subjektuak zaurgarritasun berezian geratu ziren, balizko presioen, mehatxuen, tratu txarren edo, muturreko egoeretan, torturen mende».
«Kasu honetan ez du zertan horrela izan (...), baina zalantzarik gabeko arriskua zegoen [tratu txarrak] gertatzeko (...). Horrek eragin zuen benetako aukera bat egotea testigantzaren askatasuna eta sinesgarritasuna nabarmen baldintzatzeko».
«Inkomunikazioa nazioarteko itunekin bateraezina deklaratu ez bada ere, hainbat ebazpen, txosten eta abar daude nazioarteko erakundeen konbentzio horiek larriki zalantzan jartzen dituztenak. Batez ere, atxilotuaren oinarrizko eskubideak edozein kontroletik kanpo murrizteko espazio objektiboa sortzen dutelako».