Bigarren urtez, Señora sariketa antolatu dute zenbait bertsolari eta bertsozale feministak. Lehenengo kanporaketa bihar jokatuko da, Hendaiako (Lapurdi) Enbata gaztetxean, 17:00etan, eta bigarren saioa, berriz, hilaren 21ean izango da, Laudion (Araba), Aiaraldeko Faktorian. Azkenik, finala Leitzako (Nafarroa) Herri aretoan jokatuko dute, arratsaldeko bostetan hori ere.
Biharko saioan, Josune Aramendi Perez, Amaia Iturriotz Etxaniz, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Aner Euzkitze, Paule Loizaga Legarra eta Ekhiñe Zapiain Arlegi ariko dira. Gaiak jartzen, berriz, Ainhoa Larretxea izango da.
Bigarren kanporaketan, Leire Vargas Nieto, Irati Anda Villanueva, Andere Arriolabengoa Bengoa, Ane Beloki Lopez, Ane Labaka Maioz eta Sarai Robles Vitas igoko dira oholtzara, Laudioko Faktorian, 18:00etan. Amaia Agirre ariko da gai jartzaile.
Finala, berriz, Leitzako Herri aretoan izango da, 17:00etan. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako bi bertsolarik abestuko dute, baita gonbidatu bereziak diren bi «señorek» ere. Eguna iritsi aurretik iragarriko dute zeintzuk diren ohorezko beste bi parte hartzaileak. Saio guztietako sarrerak Bertsosarrerak.eusatarian eros daitezke jada.
Iaz egin zuten zenbait bertsolarik eta bertsozale feministak Señora sariketaren lehenbiziko aldia, tokiko herri eragileen eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean, bertso plaza berriak sortu eta emakumeei eta azpiratutako identitateei ikusgaitasuna emateko asmoz. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea dute helburu, ahalduntze kolektiboaren bidetik, betiere lurraldetasuna aintzat hartuz.
Señora hitza aukeratzeko arrazoiei dagokienez, antolatzaileek azaldu dute andre zaharrarekin eta bakardarearekin loturiko kontzeptuari buelta eman nahi izan diotela. Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileak adierazi duenez, «emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena». Hitzaren eraldaketa hori lortzea da sariketaren xedea.