KPI-a

Inflazioa %8ra jaitsi da apirilean Hegoaldean

Argindarra merkatu egin zen apirilean, martxoan goia jo ondoren, eta laguntza publikoak erregaiaren faktura jaitsi zuen. Elikagaiak, ordea, gehiago garestitzen ari dira: %9,3 azken urtean.

Inflazioaren bilakaera, Hego Euskal Herrian. JOXEAN APEZTEGIA
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 13a
09:17
Entzun

Duela bi aste aurreratutakoa baieztatu du INEk: inflazioak koska bat behera egin du apirilean, eta %10eko mugatik urrundu da, argindarrak eta erregaiak atseden bat eman dutelako martxoan goia jo ondoren. INEren arabera, prezioak %8 garestitu dira azken urtean. Oso kopuru handia da, ezohikoa euroa indarrean jarri zenetik, baina martxoko %9,6tik nabarmen behera dago. Martxotik apirilera, berriz, prezioak %0,2 jaitsi direla azaldu du Espainiako estatistika institutuak.

Oso garesti egon da argindarra apirilean Iberiar penintsulako merkatu bakarrean —190 euro megawatt-ordua—, baina urrundu egin da martxoko prezioetatik; orduan 283 euroan salerosi zen megawatt-ordua PVPC tarifa arautua darabiltenentzat. Haien fakturak soilik hartzen dira kontuan, eta ez merkatu librean daudenenak, horiek gehiago izan arren; INEk merkatu librekoen prezioak ere sartunahi ditu inflazioa kalkulatzeko bere poltsan, baina prozesua motel doa, konpainia batzuek zailtasun teknikoak argudiatu dituztelako datuak ez emateko.

Merkatze horretan hainbat faktore daude: batetik, kontsumoa jaitsi egin zen apirilean, prezio garestien ondorioz ez ezikeguraldi epelago eta argiagoaren ondorioz. Gainera, apirilean handiagoa izan zen energia iturri berriztagarrien ekarpena, eguzkiak gogorrago jo zuelako eta haizetsuagoa izan zelako martxoa baino. Horrek ekarri zuen gasaren erabilera txikiagoa izatea eta une jakin batzuetan argindarrak euro gutxi batzuen kostua izatea.

Ondorioa oso garbi ikusi da inflazioaren datuetan: etxeko argindarraren, gasaren eta uraren gastua urtebetean %68,4 garestitzetik (martxoan) %36,3 garestitzera igaro da (apirilean). Hura da, alde handiz, inflazioaren saskian gehien garestitu den atala.

Erregaiak %6 merkatu dira

Erregaiak ere pisu handia du saski horretan eta apirilean merkatu egin zen hura ere, apirilaren 1etik indarrean baitago Espainiako Gobernuak onartutako hogei zentimoko deskontua. Horrek %6 merkatu ditu erregaiak apirilean, eta konpentsatu egin du Brent upelak hilabete ia osoa ehun dolarretik gora egon izana. Azken urtean, berriz, erregaiak %29,1 garestitu dira —martxoan, %37,4ko—.

Merkatzeko itxurarik ez du oraindik eguneroko gastuaren zatirik garrantzitsuenak, elikagaienak. Aurtengo apirilean iazkoan baino %9,3 garestiago daudela dio INEk. Martxoaz geroztik asko igo da atal hori, %6,9an baitzegoen. Olioak eta koipeak garestitu dira gehien (+%46), eta nabarmen garestitu dira arrautzak (+%27), zerealak (+%14), barazkiak (+%13) eta esnea (+%11) ere. Haragiaren prezioa %10etik gora garestiago dago aurten, baina badago Euskal Herriko artzainek sufritzen duten salbuespen bat: arkumea %1,5 baizik ez da igo.

Beste esparruetara hedatuz

Bilakaera okerragoa izan du, ordea, azpiko inflazioak, m­artxoko %3,5etik apirileko %4,3ra igaro baita. Horrek erakusten du energiaren garestitzea ekonomiaren beste esparruetara ere hedatzen ari dela, ekoizleek eta zerbitzu hornitzaileek energiaren kostu handiagoa bezeroei pasarazten dietela. Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen elikagai freskoak eta energia, haien prezioa oso aldakorra delako, eta prezioen epe erdiko joera ikusteko baliagarria da.

Europako Banku Zentralaren iragarpenek diote inflazioak behera egingo duela urtearen bigarren erdian, energiaren garestitzea iazko udan hasi zelako antzematen eta harekiko aldea ez delako hain handia izango urtearen amaieran. Iragarpen hori, ordea, hankaz gora jar dezake Ukrainako gerraren bilakaerak, batez ere Errusiako gasaren fluxua erabat eteten bada.

Maiatzari dagokionez, Hego Euskal Herrian eta Espainian inflazioa gehiago jaitsiko zela espero zen, argindarra merkatzeko tresna indarrean sartzekoa zelako. Baina, atzerapenen ondorioz, sistema hori ez da ekaina arte indarrean egongo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.