Musika

John Eliot Gardiner eta Txekiako eta Frankfurteko orkestrak izango dira Hamabostaldian

70 kontzertu eta ikuskizunetik gora izango dira denera Donostiako 83. Musika Hamabostaldian. Opera eta zarzuela ere itzuliko dira aurten.

John Eliot Gardiner zuzendariak inauguratuko ditu Kursaaleko kontzertu handiak aurten. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Berria
2022ko maiatzaren 11
17:04
Entzun

Abuztuaren 2an itzuliko da Musika Hamabostaldia Donostiara, asteartez, eta, hileko azken larunbatera arte, abuztuaren 27ra arte, 70 kontzertu eta ikuskizunetik gora eskainiko ditu, ohiko zikloetan adarkatuta. Datozen asteetan jakinaraziko dute programa osoa, baina lehen izenak aurreratu ditu gaur goizean jaialdiak, Kursaaleko Auditoriumekoak eta Viktoria Eugenia antzokikoak denak. Horien artean, nabarmendu dute John Eliot Gardiner zuzendariak inauguratuko dituela Kursaaleko kontzertu handiak, musika barrokoarekin; ganbera formatuan, Carissimi, Scarlatti eta Schutz konpositoreen obraz osatutako programa interpretatuko dute. Organo Erromantikoaren 38. Nazioarteko ikastaroa eta beste hainbat ekintza paralelo ere ekarriko ditu jaialdiak.

Antolatzaileek urtemugak ere baliatzen dituzte aldi bakoitzeko programa ontzeko, eta, aurten, Pablo Sorozabal jaio zenetik 125 urte betetzen direla eta, haren La tabernera del puerto zarzuelaren kontzertu bertsioa berreskuratuko du Hamabostaldiak, abuztuaren 7an. 1936an estreinatu zenean, arrakasta handia izan zuen, eta Donostiako konpositorearen piezarik garrantzitsuenetakoa da. Harekin, 25 urteren ondoren, zarzuela jaialdira itzuliko da, eta beste itzulera bat ere bada: operarena. Pandemiaren eraginez bi urtez programaziotik at gelditu ostean, Kursaalak Donizettiren La fille du régiment opera komikoaren ekoizpen berri bat estreinatuko du. Hamabostaldiak Guillermo Amayari egin dio lan horren enkargua, eta, Jordi Bernacer zuzendariaren gidaritzapean, Elena Sancho-Pereg sopranoa eta Xabier Anduaga tenorra izango dira protagonistak. Abuztuaren 12an eta 14an izango dira saioak, eta Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak ere parte hartuko dute.

Hain justu, 40. urtemuga ospatzen ari da aurten Euskadiko Orkestra, eta Estatu Batuetako musikaz osatutako programa batekin hartuko du Kursaaleko oholtza, abuztuaren 20an: Gershwinen Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess operako hautaketa emango dute, Wayne Marshallek zuzenduta. Indira Mahajan sopranoa, Eric Greene baritonoa eta Andra Mari Abesbatza ere izango dira haiekin.

Hamabostaldian tradizio luzea duten Europa erdialdeko beste bi orkestra ere helduko dira Donostiara abuztuan: Frankfurteko Orkestra Sinfonikoa eta Txekiar Orkestra Filarmonikoa. Azken horrek itxiko du, hain justu, jaialdia.

Hamabostaldiaren Lagunei bihar amaituko zaie abonuak eta sarrerak gordetzeko epea, antolatzaileek gogorarazi dutenez. Sarrera orokorren salmenta, berriz, ekainaren 20an hasiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.