Bihar sei urte beteko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialaren legea onartu zenetik, eta sektoreko erakundeak batzen dituen Sareen Sareak elkarteak ekitaldia egin du Gasteizko Artium museoan. Ekitaldiaren buru izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Ekitaldian, Urkulluk azpimarratu du gizarte erakundeek gaitasuna erakutsi dutela testuingurura egokitzeko, eta baita egoera berriei aurre egiteko eta «berrasmatzeko» ere. COVID-19aren izurriak eta Ukrainako gerrak baldintzatutako egoeran, «boluntarioen dedikazioa eta profesionaltasuna» azpimarratu du lehendakariak. Halaber, hirugarren sektore sozialari eskertu egin dio egindako lana, eta goraipatu egin du pertsonak «erdigunean» jartzeko egiten duen ahalegina. Urkulluk nabarmendu du Sareen Sareak «Euskadiren erronka sozialei» erantzuteko gaitasuna duela, eta «auzolanaren» eredu dela. Ildo horretan, berretsi du Jaurlaritzak «justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren» aldeko konpromisoa duela.
Ekitaldian, Sareen Saria eman diote Juan Cid Pardori, hiru hamarkadatan autismoaren esparruan egindako lanarengatik. Gautena eta FEVAS Plena Inclusion Euskadi elkarteari lotuta egon da, besteak beste. Halaber, apirilean Bilbon egindako pintaketa kolektibotik sortu zen eraldaketa sozialaren aldeko horma irudia aurkeztu du Sareen Sareak, eta ekitaldian parte hartu dutenek azken pintzelkadak eman dizkiote horma irudiari.
Borja Doval Sareen Sareko presidenteak adierazi du «gizarte bidezkoagoa, kohesionatuagoa, barneratzaileagoa, parte hartzaileagoa eta solidarioagoa» eraikitzeko borondatea dagoela hirugarren sektore sozialaren muinean. Gogoratu du EAEko hirugarren sektore sozialak irabazi asmorik gabeko herri ekimeneko erakundeek osatzen dutela, eta helburua dela gizarteratzean laguntzea eta egoera kalteberan daudenen eta desgaitasunen bat edota mendekotasunen bat dutenen eskubideak bermatzea.
Hirugarren sektoreak «berrasmatzeko» duen gaitasuna nabarmendu du Urkulluk
Hirugarren sektore sozialaren egunaren bezperan, Sareen Sareak ekitaldi bat egin du Gasteizen. «Gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa» eraikitzearen alde egin du Borja Doval presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu