Ipar Euskal Herrian beste pauso bat egingo dute maskararen derrigortasuna arintze aldera: datorren astelehenetik aurrera, maskara ez da nahitaezkoa izango garraio publikoan, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak iragarri duenez. Hala ere, janztea «gomendagarria» izango dela esan du: «Gomendatuta egongo da aurrerantzean ere, baina ez da derrigorrezkoa».
Egoera epidemiologikoa hobetzeari egotzi dio aldaketa. Haren hitzetan, pandemia amaitu ez bada ere, gero eta kasu gutxiago atzematen dira. Gainera, espero du hurrengo asteetan eta hilabeteetan joera berari eustea. Zehaztu du: ez zaio probableena iruditzen koronabirusa guztiz desagertzea, baina iruditzen zaio herritarrak babestuta daudela txertoagatik eta aurretik izandako kutsatzeengatik.
Hain zuzen, txertoaz ere aritu da. Ez du baztertzen dosi gehiago jarri behar izatea beste aldaeraren bat agertuz gero, baina ez du aurreratu herritar guztientzat edo pertsona jakin batzuentzat izango diren.