Hezkuntza

ELAk grebara deitu du maiatzaren 23tik 27ra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jangeletan eta garbiketan

Deialdiak ikastetxe publikoetan izango du eragina. Beste sindikatuei eskatu die ekainaren 1aren aurretik egun bateko grebara dei dezatela hezkuntza publiko osoan, egonkortasuna eta «benetako negoziazioa» aldarrikatzeko.

Eskoletako jangeletako langileen potesta bat, 2020ko urrian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 11
13:57
Entzun

ELAk grebara joko du berriz ere hezkuntzan. Oraingoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletako eta garbiketako langileentzat egin du deialdia, maiatzaren 23tik 27ra. Sindikatuaren irudiko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez ditu aintzat hartu langileen eskaerak, «sektoreko behin-behineko 500 langile baino gehiago ez dituelako egonkortzen eta ordezkapen asko ez dituztelako egiten». Hori ikusita, eskariak mahai gainean jarri dituzte berriz ere: langileak egonkortzea eta «benetako negoziazioa» nahi dute.

Martxoan ere egin zuten greba, eta, ondorioz, negoziazio mahaia bildu zela esan dute, baina «erantzun gogobetegarririk» ez zutela lortu. Egoera irudikatzeko, datuak eman dituzte: jangeletako eta garbiketako zerbitzuen %90 pribatizatuta daude, eta behin-behinekotasuna %70ekoa baino handiagoa da. Gainera, salatu dute «ordezkapen falta izugarria» dela. «Onartezina» iruditzen zaio sindikatuari.

Horiek horrela, greba dinamika «indartzea» erabaki du; izan ere, azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak ekainaren 1aren aurretik erabaki behar du zenbat lanpostu atera egonkortze prozesuetara. «Mobilizazioak ezinbestekoak izango dira egonkortzeak aurrera egin dezan». Baina ELArentzat egonkortasun faltaren arazoa ez da mugatzen eskola jangeletara eta garbiketara. Horregatik, gainerako sindikatuei proposatu die ekainaren 1aren aurretik hezkuntza publiko osoan grebara deitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.