Oraindik ez da behin betikoa, baina Espainiako Gobernuaren abortuaren lege berriaren xehetasunak iragarri ditu SER irratiak. Bada berritasunik: 16 urtetik gorako emakume orok abortatzeko eskubidea izango du Hego Euskal Herrian, horretarako gurasoen baimenik aurkeztu beharrik gabe. Gainera, dokumentuaren arabera, ospitale publikoetan bermatu beharko dute abortua, eta emakumeek aukera izango dute abortatzeko baja hartzeko. Zirriborroa astearteko Ministroen Kontseiluan onartzeko asmoa daukate.
Abortu eskubidea bermatzeko, aldaketak jasota daude testuan. Berez, adina ez dute aldatuko, baina 16 urtetik gorakoek ez dute gurasoen baimenik beharko. Orain arte, 16 eta 17 urtekoek gurasoen onespena behar zuten. Halaber, gaur egun osasun langileen kontzientzia eragozpenak eragiten dituen arazoak ere konpondu nahi dituzte. Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak esan izan duenez, eutanasiaren legearen antzeko formula bat ezarriko dute, kontzientzia eragozleak diren profesionalen zerrenda bat osatuz eta abortua zentro publikoetan bermatuz.
Hilekoari dagokionez ere, aldaketa proposatzen ditu zirriborroak. Hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko bajarako eskubidea edukiko dute. Hilerokorako produktuen eskuragarritasuna ere hobetu nahi dute: BEZa kenduko diete; zaurgarri diren edo espetxean dauden andreentzat doakoak izango dira; eta ikastetxeetan konpresak, tanpoiak edo antzerakoak eduki beharko dituzte. Ikastetxeetan, gainera, antisorgailu hormonalak eta hurrengo eguneko pilulak emango dituzte sexu heziketako kanpainetan, eta produktu horiek diru publikoz finantzatuta egongo dira.
Haurdunaldi subrogatuan ere eragin nahi du legeak. Emakumeen aurkako indarkeriatzat hartuko du, eta hainbat neurri jasota daude: SER irratiaren arabera, auzitegiek atzerrira jotzen duten bikoteei jarraipena egin ahal izango diete. Gainera, Hego Euskal Herrian, agentziek ezingo dute haurdunaldi subrogatuaren aldeko kanpainarik egin.
Legea gaur egun dagoen bezala onartuz gero, lege berri bat izango da, ez aurrekoaren erreforma bat. Ñabardura garrantzitsua da, PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarrita daukan errekurtsoa bertan behera geratzea eragingo lukeelako.