MEMORIA HISTORIKOA

Espainiako Senatuak gobernuari eskatu dio Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekitaldi bat egin dezala

Besteak beste PSOEk, EAJk eta EH Bilduk adostutako erdibideko zuzenketa bat onartu du Senatuak. 152 boto jaso ditu alde, 106 kontra, eta hiru abstentzio.

Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko ekitaldiak, apirilaren 26an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2022ko maiatzaren 11
11:52
Entzun

Espainiako Senatuak gobernuari eskatu dio aitortu dezala 1937ko apirilaren 26an Gernikan (Bizkaia) izandako bonbardaketan «armada matxinoaren eta ondorengo gobernu frankistaren erantzukizuna, eragindako kaltea eta oinazea, zibilen aurkako aire eraso guztien sinbolo gisa». Horretarako, gobernuari eskatu dio ekitaldi «esplizitu» bat antolatu dezala Gernikako bonbardaketa oroitzeko, «elkarbizitzaren eta askatasunaren defentsan eta memoria ekintzen markoan».

EAJk aurkeztutako mozio baten erdibideko zuzenketa bat da Senatuan bozkatutakoa eta aurrera atera dena; besteak beste, PSOEk, EAJk eta EH Bilduk adostu dute. Hasierako proposamenaren asmoa zen gobernuak barkamena eskatzea Gernikako herriari, baina azkenean esaldi hori ordezkatu egin dute Gernika «zibilen aurkako aire erasoen ikur» jotzearekin.

Mozioa atzo eztabaidatu zuten, eta gaurko saioan onartu dute: aldeko 152 boto jaso ditu —besteak beste, PSOE, EAJ, ERC, EH Bildu eta Geroa Bairenak—, kontrako 106 —PP, Vox eta UPNrenak— eta hiru abstentzio. Atzoko eztabaidan, Estefania Beltran de Heredia EAJko bozeramaileak azaldu zuen batasuna bilatu dutela zuzenketarekin: «Beharrezkoa da egungo gerraren aurka batasuna erakustea, baina baita iraganeko gerren aurka ere».

Duela bi aste bete ziren 85 urte Gernikako bonbardaketatik. Ikusmin handia sortu zuen Espainiako Gobernuak ere ekitaldira ordezkaritza bat bidali izanak eta lore eskaintzan parte hartu izanak. Han izan ziren Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako duen ordezkaria eta Memoria Demokratikorako idazkari Fernando Martin Lopez. Haiek ere lore sorta bat ekarri zuten, Espainiako banderaren koloreak zituen xingola batekin.

Radio Euskadin gaiaz galdetuta, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du EAJ oker dabilela Pedro Sanchezen gobernuari eskatuz barkamena eska dezala, iritzita egungo gobernua «errepublikaren oinordekoa» dela. Are, jeltzaleei esan die EAJk ere bere alderdiari begiratu behar diola, «haren abizenetako asko» erregimen frankistaren parte izan zirelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.