Pegasus softwarearekin egindako espioitza kasuek eztabaida politikoaren erdigunean kokatu dute CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari Paz Esteban. Egoerari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak hura kargugabetzea erabaki du. Margarita Robles Defentsa ministroak eman du erabakiaren berri, Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Esperanza Casteleirok ordezkatuko du. Casteleiro Defentsa estatu idazkaria da egun, Roblesen agindupean, eta CNIko kide izan da urte luzez.
«Gobernuak CNIren zuzendaritza aldatzea erabaki du», azaldu du Roblesek. Halere, zerbitzu sekretuen eta orain arte haien zuzendari zen Estebanen alde hitz egin du Defentsa ministroak, eta ez du eman hura kargugabetu izanaren inguruko argudiorik: «Eskerrak eman behar dizkiot». Kargugabetze hitza erabiltzea ere saihestu du Roblesek, «aldaketa bat» dela esanez. Era berean, Estebanen «ardura» eta ibilbide profesionala nabarmendu ditu, mehatxuak «gero eta handiagoak» diren unean, eta CNI indartzen jarraitzeko asmoa adierazi du: «Gobernuaren helburuetako bat da CNI modernizatzea».
ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek, berriz, adierazi du «logikoa» dela Esteban kargugabetzea, eta gehitu Roblesen egoera ere «sostengaezina» dela. Halere, ez du uste Sanchezek Robles kargugabetuko duenik. «Zaila da Robles erortzen uztea, PSOEren parte den eskuin moderatuaren ordezkaria baita», azaldu du. CUPeko Mireia Vehik ere Roblesen dimisioa eskatu du, argudiatuta hura dela «CNIren arduradun politikoa». Mas Paiseko buru Iñigo Errejonek, berriz, «amaierara arte» iristeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, espioitzen atzean nor dagoen eta haiek zergatik egin diren argitu dezan.
Oso bestelako erreakzioa izan dute eskuineko alderdiek. PPko buru Alberto Nuñez Feijook Sanchezi egotzi dio «estatua ahuldu» izana, eta CNIko zuzendariaren «burua» independentistei eskaini izana gaitzetsi. Voxeko presidente Santiago Abascalek, berriz, Esteban «kriminalizatzeaz» akusatu du gobernua: «Sanchezek babesten gaituztenak kriminalizatzea eta erasotzen digutenekin bat egitea erabaki du».
'Pegasus afera'
Citizen Lab ikerketa zentroak Kataluniako eta Euskal Herriko 65 laguneko zerrenda bat argitaratu bezain laster, begiradak Espainiako zerbitzu sekretuetara zuzendu ziren. Are gehiago, Espainiako presidente Pedro Sanchez eta gobernuko beste zenbait kide ere espiatuak izan zirela jakin ostean.
Aurreko astean, sekretu ofizialen batzordearen bilkuran parte hartu zuen Estebanek. Zenbait iturriren arabera, bertan ziren diputatuei adierazi zien CNIk, Auzitegi Gorenaren baimenarekin, hemezortzi lagun espiatu zituela, Kataluniako independentisten aurkako ikerketekin lotuta. Horien artean dago Kataluniako presidente Pere Aragones; presidenteordea zen zelatatu zuten garaian. Ez zuen, ordea, gainerako kasuen inguruko informaziorik eman. Hala, alderdi independentistek haren dimisioa eskatu dute azken astean, Margarita Robles Defentsa ministroarenarekin batera.
Espainiako Gobernuko kideen aurkako zelatek ere eragina izan dute erabakian. Izan ere, Roblesek CNIren eta segurtasun indarren defentsa egin arren, Presidentetzako ministro Felix Bolañosek erakunde hartan jarri du Sanchez espiatzea eragotzi ez izanaren zama.
Izan ere, CNIk ez zuen gobernuko kideen aurkako espioitzen berri izan Citizen Lab ikerketa zentroak Kataluniako eta Euskal Herriko independentisten izen zerrenda argitaratu arte. Erakundeak horren berri izan ostean aztertu zuen Sanchezek sakelako telefonoa; zelatak egin eta urtebetera. Gobernuko gainerako kideen telefonoak ere aztertu ditu orain erakundeak, eta azken egunetan jakin da Roblesen eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren sakelakoak ere espiatu zituztela. Gainerakoen berri gaur eman du gobernuak, eta Nekazaritza ministro Luis Planas zelatatzen saiatu zirela gehitu.
Esteban 2020ko urtarrilaren 31n izendatu zuten CNIko zuzendari. Ordurako, karguan zen, behin-behinean, Felix Sanz Roldanek hura utzi ostean, 2019ko uztailean. Estebanek ia 40 urte egin ditu Espainiako zerbitzu sekretuetan, 1983tik —CESID zen orduan—; azkenak, zuzendaritza postuetan.
Casteleiro ere zerbitzu sekretuetan goi karguak izana da; besteak beste, idazkari nagusia izan da. Azken urteetan, Defentsa Ministerioan aritu da; lehenik, Roblesen kabineteko buru, eta, gero, estatu idazkari.