Argitu da Donostiako Arte Ederrak eraikinaren etorkizuna: hotel bat izango da, Hilton katearen Curio zigilukoa —katearen hotel berezienak dira kategoria horretakoak—. Hala jakinarazi du gaur SADE enpresak, eraikinaren jabeak. Hotelak 82 gela izango ditu, eta taberna, jatetxea, eta beste zenbait zerbitzu. 2024. urtean irekitzea aurreikusi dute.
SADEren arabera, eurak egingo dira hotelaren kudeaketaren kargu, «markaren helburuari eusteko»: «Gozamenerako esperientziak eskaintzea, Donostiako kultur eszenarekin duen loturatik abiatuz».
Esteban Basterretxea SADEko zuzendari nagusia «pozik» agertu da akordioarekin, «hiriko eraikinik esanguratsuenetako bat den honetan jarduera bat izango delako berriz»: «Curio Collection by Hilton esponentzialki hedatu da aurten Europa osoan, eta irekierak izan ditu Lisboan, Madrilen, Santorinin, Krakovian, Londresen eta Reykjaviken», goraipatu du.
Eztabaida luzea
Donostiako Arte Ederrak eraikina Lehen Mundu Gerra baino lehenagoko Euskal Herriko zinema areto bakarrenetakoa da, eta 2014an mendea bete zuen. Hala eta guztiz ere, ia 40 urte daramatza hutsik. 2000. urtean hasi ziren hura ez eraisteko eskatu zuten ahotsak, eta 2013. urtean, mendeurrena tarteko, berriz ere indarra hartu zuen eskaera horrek. Ancora elkarteak, besteak beste, hainbat protesta eta sinadura bilketa antolatu zituen.
SADEk ordurako bazuen han hotel bat jartzeko asmoa. Eraikina bota eta antzeko beste bat eraikitzea zen enpresaren asmoa. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kultur ondasun izendatu zuen eraikina 2014ko maiatzean, eta horrek eraikinaren babesa handitzera behartu zuen Donostiako Udala. Horri esker, eraikina eraistea debekatu zioten SADEri.
Azken urteetan, udal gobernuak eraikina interes turistikoetarako erabiltzearen alde egin du. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos horren kontra agertu izan dira behin baino gehiagotan, eta eraikinaren jabeak babestea egotzi izan diote udalari, eta ez Donostiaren interesak. 2021eko urrian, hainbat mobilizazioren ostean, epaitegi batek bertan behera utzi zuen SADEren azken-aurreko proiektua: eraikinaren fatxada mantenduta, etxebizitza turistikoak eraiki nahi zituen barruan.
2011. urtean, gazte talde bat eraikina okupatzen saiatu zen; haien helburua zen eraikinak berriro jarduera kulturala eta soziala izatea.