Katalunia

Generalitateari hamabost egun eman dizkiote ikastetxe guztietan irakastorduen %25 gazteleraz izateko

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Kataluniako gobernuak eta parlamentuak sententzia errespetatzeko egindako proposamena. Josep Gonzalez-Cambray Kataluniako Hezkuntza kontseilariak adierazi du Generalitateak helegitea aurkeztuko duela ebazpenaren aurka.

Bartzelonan iragan apirilean egin zuten manifestazio bat murgiltze ereduaren alde. QUIQUE GARCIA / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 9a
17:33
Entzun

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak hamabost eguneko epea eman dio Generalitateari gutxienez eskolen %25 gazteleraz ematera behartzen duen ebazpena «berehala» ezartzeko ikastetxe guztietan. Epaileek Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambrayri eskatu diote bi asteko epean «argibideak emateko eta egiaztapen bermeak ezartzeko» ikasle guztiek «modu eraginkor eta berehalakoan» jaso ditzaten gazteleraz ikastorduen %25. Horrek esan nahi du, gaztelerazko ikasgaia hizkuntza horretan ematez gain, beste oinarrizko ikasgairen bat ere gazteleraz jasoko dutela ikasleek.

Epaileen erabakiaren harira, Cambray izan da lehena adierazpenak egiten. Kataluniako hezkuntza kontseilariak adierazi du Generalitateak helegite bat aurkeztuko duela Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurka. Horrez gain, «lasaitasuna» eskatu die hezkuntzako eragileei, eta baieztatu du ikastetxeetako zuzendariek ez dutela ezer aldatu behar, eta orain arte egin dutena egiten jarraitu behar dutela. Kataluniako egungo murgiltze eredua defendatu du kontseilariak, eta gehitu du datozen urteetan katalana orain baino gehiago erabiliko dela eskoletan.

Cambrayri auzitegiaren epaia «pedagogikoki eta judiridikoki zentzugabea» iruditzen zaio. «Auzitegi batek ezin du esan nola betearazi sententzia bat», gehitu du. Epaileen boto partikularrez ere hitz egin du. Hain justu, kontseilariak gogorarazi du epaimahaiko bi kidek epaiaren bestelako iritzia dutela, eta, beraz, gehitu du epaiak ez duela «arrazoi juridikorik». Cambrayk zalantzan jarri du Eskola Elebidunaren Aldeko Batzarraren zilegitasuna. Alabaina, guraso elkarte hori izan da epaiaren egikaritzea bultzatu duena.

Erabaki horrekin, auzitegiak atzera bota du Kataluniako Gobernuak eta Kataluniako Parlamentuak sententzia betetzeko egin zuten proposamena; horren arabera, Generalitateak ez zuen beharrezkoa ikusten gaztelaniaz ikasteko gutxieneko portzentaje bat ezartzea, epaileek egin modura. Izan ere, Kataluniako Gobernuak uste du edozein hizkuntzatarako portzentaje bat ezartzea, irizpide pedagogikoen aurkakoa dela.

Proposamen hori irmoki kritikatu du epaiak, adieraziz Generalitateak aurkeztutako egitasmoak «ez duela emaitza zehatzik» ikastetxeetan. Horrez gain, auzitegiak kritikatu du egitasmo horrek ez duela bermatzen katalanaren eta gazteleraren erabilera ikastetxeetan «modu eraginkor eta berehalakoan».

Ekinbidea ERC Esquerra Republicanak, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak eta En Comu Podemek sustatu zuten —JxC Junts per Catalunya horretatik atera zen—, eta zenbait pauso jasotzen zituen: Politika Linguistikoaren legea aldatzea, dekretu linguistiko bat prestatzea eta errealitate soziolinguistikoari buruzko inkesta bat egitea.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2020an murgiltze ereduaren kontra hartu zuen erabakiari aurre egitea zuen helburu akordio horrek. Auzitegiak ebatzi zuen derrigorrezkoa zela Kataluniako ikastetxe guztietan gutxienez klase orduen %25 gazteleraz izatea; Kataluniako Gobernuak helegitea aurkeztu zion epaiari, baina Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, iazko azaroan, eta, horrenbestez, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia irmo bihurtu zen. Praktikan, erabakiak hango murgiltze eredua amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.