Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi duenez, Jesus Mari Altable Iruñeko presoa aske geratu da. Iruñeko espetxetik irten da, 27 urteko zigorra bete eta gero.
Altablek zigorraren azken hilabeteak egin ditu Euskal Herrian. Iazko abuztuan, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen hura Euskal Herriratzea eta Iruñeko kartzelara ekartzea, Soriatik (Espainia).
Lehenago, Castellon (Herrialde Katalanak) egon zen. Han zegoela, 2019eko abuztuan, Etxerat-ek salatu zuen Altableri eta beste lau presori bisitak ukatu zizkietela.
Bestalde, larunbatean aske geratu zen Josu Urbieta Azpeitiko presoa (Gipuzkoa). Mont-de-Marsango presondegitik (Okzitania) irten zen, hamabi urtez preso egon eta gero.