Ikastolen jaiak

Milaka lagun elkartu dira Herri Urratsen

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia ohiko formatuan ospatu dute, bi urteren ostean. Eguraldia lagun, indartsu itzuli da. Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko baliatu nahi dute.

2022ko maiatzaren 8a
13:04
Entzun

«Zeuen urratsa geurea da, eta itzulera, denona». Horrela dio Zetak taldeak Erramun Martikorenarekin batera Herri Urratserako sortu duen abestiak. Eta bai, itzulerena izaten ari da aurtengo urtea, eta hala izan da Herri Urratsen kasuan ere. Pandemiaren ondorioz izandako bi urteko etenaren ostean, gaur berriz ere Senpereko lakuaren (Lapurdi) bueltan elkartu dira milaka euskaltzale, Ipar Euskal Herriko ikastolak babeste aldera.

Xedea argi zehaztu zuten antolatzaileek: etekinekin Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko asmoa dute, Senperen bertan, ikaslez gainezka baitaude gainerakoetan. Egun, 38 ikastola ditu Seaskak —hamahiru ama ikastola, hogei lehen mailako, lau kolegio eta lizeo bat—; 2023-2024 ikasturterako, 39.na nahi dute.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Horretarako prestatu dute Herri Urrats. Atondu dituzten zazpi guneetan ibili dira gaur han bildu diren milaka lagunak:Araba, Gipuzkoa, Lapurdi, Bizkaia, Nafarroa-Badok, Baxe Nafarroa eta Xiberoa guneetan. Araba, Lapurdi, Nafarroa-Badok eta Gipuzkoa guneak izan dira nagusiak, eta egitarau zabala izan da aukeran: Xiberoots, Trikidantz, Skakeitan, Des-kontrol, Willis Drummond, bertsolariak... Gainera, Araba Gunean eta Gipuzkoa Gunean umeentzako ekintzak izan dira, eta aintzira inguruan ez da animaziorik falta izan: bertan izan dira joaldunak, gaiteroak... Goizean, harrera ekitaldia ere egin dute; zenbait ordezkari politiko izan dira bertan.

Baina Herri Urrats ez da jai hutsa: festa eta aldarrikapena uztartu dituzte aurten ere. Seaskak denbora darama Brebeta eta Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen, eta aldarri hori lau haizeetara zabaltzeko ere probestu dute eguna. Festaren aurkezpenean bertan ere hala nabarmendu zuen Peio Jorajuria Seaskaren lehendakariak: «[Herri Urratsen] izanen dira milaka pertsona euskararen alde, ez bakarrik euskara ospatzeko, baita erakusteko ere euskarari zein toki ematen diogun gure bizitzan eta zer aldarrikatzen dugun hori egingarri bilakatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.