EAEko Hezkuntza Legea

Eusko Jaurlaritzak udazkenean onartu nahi du hezkuntza legearen egitasmoa

Jokin Bildarratzek esan du «adostasunaren» eta «elkarrizketaren» bideari eutsiko diotela legearen tramitazioan.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua legebiltzarrera iristen, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko maiatzaren 6a
10:37
Entzun

Hilabete igaro da Eusko Legebiltzarrak hezkuntza akordioa onartu zuenetik, eta ordutik ari da Eusko Jaurlaritza hezkuntza legearen aurreproiektua ontzen. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur esan du udazkenean lege egitasmoa prest izan nahi duela gobernuak, eta orduan bidaliko diola Eusko Legebiltzarrari, tramitazioari ekin diezaion. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaileak egindako galderari erantzunez eman du informazioa Bildarratzek, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Gorrotxategik sailburuari galdetu dio ea haren departamentuak noiz izango duen prest hezkuntza legearen testu artikulatua. Izan ere, duela egun batzuk Bildarratzek EITBn emandako elkarrizketa batean esan zuen uda aurretik izango zutela lege aurreproiektuaren testua, eta epeen inguruko argibideak eskatu dizkio Gorrotxategik sailburuari.

Bildarratzek azpimarratu du Hezkuntza Saila «gardentasunez» ari dela egutegia betetzen, eta aurreikusitako epeen barruan aurkeztuko duela lege egitasmoa. Esan duenez, lehenik eta behin, Jaurlaritzak lege aurreproiektuaren zirriborroa onartuko du, eta, gero, aldeei bidaliko die: legebiltzarrari bidaliko dio, eta audientzia publikoa irekiko dute beste sailek eta eragileek ekarpenak egin diezazkioten. Tramite hori eginda, udazkenean prest izan nahi du lege egitasmoa, legebiltzarrak tramitazioari ekin diezaion. Bide hori dena «gardentasunez, elkarrizketaren bidez eta adostasunez» egin nahi du Hezkuntza Sailak, Bildarratzek azpimarratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.