Espainiak Estrasburgoko helegiteengatik 106.000 euro pagatzeko agindu du

Estatuaren indarkeria jasan eta Estrasburgok atzera bota dituen 23 kasutan kostua ordainarazi diete. Eusko Jaurlaritzak dio diru sail bat emana duela.

Estatuaren indarkeriaren biktima batzuei egindakoomenaldia, Tolosan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 5a
19:10
Entzun

Egiari Zor fundazioak eman du datua: estatuaren indarkeriaren biktimak izan, Estrasburgora jo eta atzera bota dituzten 23 kasutan prozedura judizialaren kostuak ordainarazi dizkiete 2019tik. 22.na Joxi Zabalaren familiaren kasua izan da, beraz, oraindik beste bat iristea espero du fundazioak. Kostuak ez dira nolanahikoak izan, Egiari Zor-ek azaldu duenez: «Gaurdaino, aipatutako 22 prozedurengatik Estatuko Abokatutzak 106.000 euro baino gehixeago ordaintzeko agindu du».

Egiari Zor-ek jokamoldea gogor kritikatu du: «Borondate politikoaren kontua da eta kasu honetan Estatu terrorismoa jasan zuten biktimei kalte eta min handiagoa sortzeko borondate argia dagoela». Halaber, galdetu du estatuko abokatutzak irizpide bera izango ote lukeen eskatzaileek jasandako indarkeriaren jatorria «bestelakoa» balitz.

Bidelagunak ere izan dituztela gogoratu dute, ordea: «Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkularitza izan dugu».

Eusko Jaurlaritzak Berriari nabarmendu dionez, diru sail bat badago GALen, Batallon Vasco Español taldeak eta eskuin muturreko bestelako talde batzuen biktimek egin behar izan duten bide administratibo eta judizialaren kostu ekonomikoak arintzeko. Zehaztu duenez, Egiari Zor-i 2019an eta 2020an hurrenez hurren 80.000 eta 100.000 euro ematea adostu zuten «terrorismoaren biktima» izaki, kalte ordainik jaso ez eta auzitara jo behar izan duten biktimentzat, haiek «indarkeriazko deliturik» egin ez badute bederen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.