Ikusi eta ikasi 1989an, Hiru aeroplano 1990an. Urte bakar bateko tartearekin kaleratu zituen Delirium Tremens taldeak bere estudioko lehen bi lan luzeak, eta 32 urteko etenaldiaren ostean heldu da orain hirugarrena: Hordago (Mauka). Berez, 1991n eman zuten amaitutzat ibilbidea, baina taldekide izan zuten Iñigo Muguruzaren heriotzaren harira Bilbon antolatutako omenaldi kontzertuan elkartu ziren berriz, duela bi urte, eta lokalean sartuta egon dira geroztik. Andoni Basterretxea abeslari eta gitarra jotzaileak azaldu duenez, itzultzekotan argi baitzuten material berriarekin itzuli nahi zutela. «Hasi ginen lanean, kantak konposatu, ordu pila bat sartu, ondo pasatu, gaizki pasatu, denetarik pasatu, eta emaitza hemen dago». Euskal Herriko rockaren klasiko baten zortzi abesti berri, guztira.
«Nik oso presentean ikusten ditut». Hasi du Delirium Tremens taldeari buruzko azalpena Haritz Harregi soinu teknikari eta gitarra jotzaileak, «aurrera tiratzeko gogo handiarekin daude». Eta ia esaldia bukatzerako heldu da Basterretxearen zuzenketa. «Gaude». Barre batzuk, eta baietz Harregik ere, arrazoi duela. «Gaude. Gogo handiarekin gaude». Izan ere, Harregiren estudioan grabatu du taldeak diskoa, eta taldearen parte bihurturik amaitu ditu lanak. Hirukote modura grabatu zituzten lehen bi kantak Basterretxeak, Patxi Irisarrik eta Juantxo Iurritak, baina, teknikariarekin izandako harremanak eta haren ekarpenek bultzatuta, taldera batzeko proposamena egin zioten Delirium Tremensekoek Harregiri, eta hark berehala onartu zuen.
Nortasuna eta berrikuntza
Taldearen nortasuna errespetatzea eta, aldi berean, egungo soinura ekartzea izan da Harregiren erronka estudioan. «Guk gaztetan pila bat entzun genuen Delirium Tremens, eta saiatu nintzen haien nortasuna mantentzen, geruza gutxi mantentzen, eta garai hartan zuten bat-batekotasunari eusten». Gitarra bakarra grabatzea zuen taldeak buruan hasieran, baina, Basterretxeak onartu duenez, trabatu egin zitzaien kantak sortzeko prozesua, eta orduan eskatu zioten laguntza Harregiri. Eta emaitzarekin pozik taldekoak. «Urte askoan jo gabe egon gara, eta Haritzen ekarpena eta laguntza oso potentea izan da», adierazi du Iurritak.
Diskoko hiru single kaleratu dituzte orain arte, bakoitza bere bideoarekin. Hordago izan zen lehena, diskoa zabaltzen duen Hola tio bigarrena, eta Aio! izan da orain azkena. Hiruretan igar daiteke Delirium Tremens taldearen betiko nortasun ikur diren gitarra, ahots eta oinarri erritmikoak, baina hiruretan sumatzen da, halaber, Harregiren eskua ere, hala soinuan, nola gitarraren konponketa batzuetan ere.
Hitzetan diskoak bi ildo nagusi dituela azaldu du Basterretxeak. Alde batetik, badaude «errazak» diren batzuk, eta badaude beste batzuk «pilotari ematekoak». Esate baterako, abeslariak lehen multzoan kokatu du Hola tio, zeinak aspaldi elkar ikusi gabeak diren bi lagunen arteko elkarrizketa kontatzen baitu. Eta bigarren multzoan kokatu ditu migratzaile baten larrutik kantatutako Banoa, edo animo faltarekin igarotako aldiei idatzitako Urpean. Hitzak idaztean blokeo bat izan zuela ere aitortu du abeslariak, eta Jon Maia bertsolari eta letragilearekin elkarlanean moldatu dituela, azkenean.
Zuzeneko handiak eta ezusteko kontzertuak
Maiatzaren 28an dute itzulera kontzertu handia, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), eta salduak dituzte sarrera guztien bi herenak. Des-kontrol eta Mc Onak taldeekin arituko dira han zuzenean, eta emanaldi hori bereziki zaintzeko asmoa dutela iragarri dute. Onartu dutenez, ordea, aurrez ere, «erdi ezkutuan», kontzertu txikiago batzuk ere emango dituzte, abisu handirik gabe, prestatuz joateko. Arantzan (Nafarroa) eman zuten lehena, adibidez, Aterpe ostatuan, aurreko asteburuan bertan, eta gustura aritu zirela diote. Eta, hain zuzen, emanaldi horretako irudiak jasotzen ditu taldearen azken bideoklipak: Aio!.
Ondarroan (Bizkaia) emango dute mota horretako hurrengo kontzertua, hilaren 14an, Beko Zini aretoan. Baina ez dute sarrerarik salduko, eta, beraz, gonbidapen bidez soilik sartu ahalko da jendea. Iragarri dutenez, ordea, ehun sarrera bikoitz banatuko dituzte zozketa bidez, eta beren sare sozialetan egongo da izena emateko aukera. Beste hiru emanaldi ere badituzte jadanik lotuta, eta gehiago eskaintzeko atea irekia dutela esan dute. Azkena rock jaialdian arituko dira ekainaren 17an, EHZ festibalean uztailaren lehenean, eta Hatortxu Rocken ere bai, uztailaren 30ean. Basterretxea: «Horrekin hasiko gara martxan. Sekulako gogoa dugu martxan hasteko, horrenbeste entseguren ondoren».
Hasieran «bertigoa» sentitu zutela onartu dute taldekoek, baina, abeslariak dioenez, entseguz entsegu, hasiak dira hori gainditzen, eta pozik daude zuzenekoetarako lortzen ari diren soinuarekin. «Gutxienez, utzi genuenean bezala bueltatu nahi dugu; jendeak entzutea eta esatea 'a ze soinu potentea'».