Espioitza afera

CNIk aitortu egin du zenbait independentista espiatu zituela

Hogei lagun inguru zelatatu zituztela adierazi dute; tartean, Pere Aragones. Gainerako kasuetan, gobernuko kideenak barne, ez dute zehaztu nor izan den egilea.

Paz Esteban, batzordera iristen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 5a
12:07
Entzun

Espainiako zerbitzu sekretuek aitortu egin dute CitizenLab-ek eginiko Euskal Herriko eta Kataluniako politikari, kazetari eta ekintzaileen zerrendako hogei kide inguru espiatu zituztela. Zenbait hedabidek argitaratutakoaren arabera, Kataluniako presidente Pere Aragones dago horien artean; ez dute zehaztu, ordea, presidente ote zen zelatatu zutenean. Espainiako Kongresuko gastu ezkutuetarako kredituen kontrolerako batzordearen lehen bilkuran eman die informazioa CNIko zuzendari Paz Estebanek bertan parte hartu duten hamar diputatuei. Alderdi independentistek eta Unidas Podemosek berretsi dute beharrezkoa dela ikerketa batzorde bat eratzea.

Esteban izan da sekretu ofizialen batzordean hitza hartu duen lehen goi kargua. Lau ordu iraun duen bileraren protagonista nagusia izan da hura, hari galdegin dioten diputatuekin batera. Haiek boligrafoa eta papera eskuan entzun behar izan dute adierazpena, ez baita baimentzen batzordera gailu elektronikorik sartzea. Bileraren ostean, baina, haserrea izan da nagusi indar independentistetako ordezkarien artean. EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak bilkurara sartu aurretik adierazi du ez zuela «esperantza handirik» batzordeak argitu dezakeenaren gainean, eta ideia bera berretsi du handik ateratzean ere: «Oraindik argitzeko kontu asko daude». Haren hitzetan, «sorpresa gutxi» topatu dituzte CNIko zuzendariaren adierazpenetan eta hark erakutsitako dokumentuetan. Eginiko hitz bakanetan, EAJko Aitor Estebanek ere adierazi du «hitz egiteko asko» dagoela oraindik ere.

Estebanek erakutsitako dokumentuek baieztatzen dute Espainiako Auzitegi Gorenak hemezortzi kide independentista zelatatzeko baimena eman zuela, eta haien izen-abizenak erakutsi dizkiete diputatuei. Gainerako espiatuen kasuak esplikatzeko, baina, ERCko eledun Gabriel Rufianek adierazi du bi tesi daudela mahai gainean. Batetik, «atzerriko nazio batek edo batzuek» espiatu izana. Bestetik, litekeena dela zelaten atzean «Pegasus bezalako programa parasito batekin espiatzeko gaitasuna izan dezaketen estatuko beste erakunde bat edo batzuk» egotea.

Zehaztasun falta hori ikusita, ERCko kideak salatu du ez dela «sekretu ofizialik, ez estraofizialik» eman bilkuran: «Sartu garen bezala atera gara». Kritikatu du, ordea, estatuko erakunderen batek espiatu izanaren aukera mahai gainean jarri izanak egoera «defendaezinean» uzten dituela Esteban, Margarita Robles Defentsa ministroa eta Barne Ministerioa, argudiatuta erakunde horiez hitz egitea «estoldez» hitz egitea dela.

«Kontatu digutenak indartu egiten du ardura politikoak nork bere gain hartzeko beharra», adierazi du Unidas Podemoseko Pablo Echeniquek ere. Hark Felix Bolaños Presidentziarako ministroari eskatu dio CNIko zuzendariak batzordean erakutsitako dokumentuak publiko egiteko, kasuaren «larritasuna» dela eta: «CNIk dakienari buruz informatzen du, eta, beraz, are kezkatuago gaude». Informazio desklasifikatzearen alde agertu da JxC ere. Alderdiko eledun Miriam Noguerasek azaldu du «eskandalu politiko bat» dela kasua, eta «haserre» atera dela batzordetik. Izan ere, baieztatu du bere sakelekoa «Pegasusekin infektatu» zutela.

Alderdi independentista guztiek eta UPk bat egin dute Espainiako Kongresuan ikerketa batzorde bat eskatzearekin ere, eta ERCk mahai gainean jarri du eskaera berriz bideratzeko aukera. Ez dira alderdiak batzorde bat sortzearen alde dauden bakarrak. Amnesty International erakundeak ere uste du sekretu ofizialen batzordea ez dela Pegasus programarekin eginiko espioitzak eragin ditzakeen giza eskubideen urraketak ikertzeko lekua, eta defendatu du beharrezkoa dela «ikerketa sakon, inpartzial eta berehalako bat». Are gehiago, uste du ikerketa batzorde propio bat eratzearen aurka erakutsitako jarrerak Europako Parlamentuak oraintsu hartutako erabakien kontrakoa.

Oso bestelako iritzia dute eskuineko indarrek. PPko bozeramaile Cuca Gamarraren ustez, Estebanen adierazpenen ostean, ez dago CNIren jarreraren gaineko «inongo zalantzarik», eginiko zelatak «baimen judizialekin» egin zirelako. Hala, Gamarrak CNIko zuzendariaren profesionaltasuna goraipatu du, eta Espainiako presidente Pedro Sanchezi eskatu bere kasuaren inguruko informazioa emateko. Bide beretik, Voxeko Ivan Espinosa de los Monterosek konfiantza adierazi dio Estebani, eta diputatu independentistak salatzeko aukera mahai gainean jarri du, bilkuraren ostean haiek eginiko adierazpenengatik.

Auzitegi Nazionalean

Ez da sekretu ofizialen batzordeko gai ordenaren barruan egon, baina, oraingoz, epaitegitan bidea egin duen espioitza kasu bakarra Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen aurkakoa izan da. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak sekretupean jarri du ikerketa, «emaitza larriki baldintzatu dezakeen egoerak eragozteko». Era berean, kaltetu gisa pertsonatzeko aukera eman die gobernuko bi kideei, Fiskaltzak eskatu bezala.

Bi kasu horiek publiko egin ostean indartu zen atzerriko estatu batek espiatu izanaren hipotesia; zehazki, Marokok. Tesi hori indartzen duen informazio berri bat argitaratu du El País egunkariak ere: Fernando Grande-Marlaska espiatu zuten. Egunkari hark azaldu du Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak txarto zeudenean gertatu zela hori, iazko maiatzean. Ministroak, ordea, adierazi du ez duela bere telefonoa espiatu izanaren inguruko informaziorik.

Dena den, aferak arrakala bat ireki du gobernuko kideen artea. Ez soilik PSOEko eta UPko kideen artean, baita sozialisten artean ere. Roblesek eta Bolañosek ez dute bat egiten gobernuko kideen aurkako erasoen ardura banatzerako garaian. Izan ere, Defentsa ministroak CNI eta segurtasun indarrak babestu ditu azken egunetako adierazpenetan, eta, ondorioz, fokua gobernuko gainerako estamentuetan jarri. , baina, eztabaida ixteko asmoz, Roblesi «babesa» adierazi dio. «Ardura gobernuarena da, bere osotasunean», azaldu du hark, eta gehitu «denak batera» ari direla lanean gobernuko kideen aurkako espioitza kasuak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.