Espetxeak

Justizia errestauratiboaren bitartez zigorrak «humanizatzeko» bidea ireki nahi du Jaurlaritzak

Zigor sistemaren inguruko sinposioa egiten ari dira Bilbon, nazioarteko adituekin. Bertan jasotako ondorioekin ondu nahi du Jaurlaritzak Justizia Errestauratiboaren Estrategia.

Beatriz Artolazabal eta Eugenio Artetxe, gaur, sinposioaren aurkezpenean, Bilbon. IREKIA
edurne begiristain
2022ko maiatzaren 5a
12:03
Entzun

Espetxe kudeaketaren eskumena bereganatu duenetik Eusko Jaurlaritzak ezarri duen lehentasunen artean dago justizia errestauratiboaren alde urratsak egitea. Helburu horri helduta lantzen ari da 2022-2025 aldirako Justizia Errestauratiboaren Euskal Estrategia. Gaur, arlo horretan eskarmentua duten nazioarteko aditu ugari bildu dira Bilboko Bizkaia Aretoan gaiari buruz hausnartzeko, eta hor ateratako ondorioak aintzat hartuko ditu Jaurlaritzak estrategia hori ontzeko. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak jardunaldien aurkezpenean adierazi du estrategia hori kontrastatu egin dutela justizian, espetxe arloan eta biktimekin lanean ari diren eragileekin, eta dokumentua osatzeko aintzat hartuko dituztela gaurko sinposioaren ondorioak ere.

Justizia errestauratiboaren bitartez zigorrak «humanizatzeko» bidea ireki nahi du Jaurlaritzak, gaur azpimarratu dutenez. Artolazabalek gogoratu du prozesu penalak askotan ahaztu egiten dituela «biktimen beharrak» eta zigorraren «birgaitze» funtzioa; horietan jarri nahi du indarra Jaurlaritzak: «Biktimak biktima izateari utzi behar dio, eta, horretarako, biktimarioak biktimario izateari utzi behar dio». Eugenio Artetxe Justizia zuzendariak zehaztu du Jaurlaritzaren lehentasuna izango dela justizia errestauratiboa «printzipio, arau eta orientazio» gisa ezartzea, eta biktimek eta biktimarioek aukera izatea haientzat egokia den zehazteko. Artetxeren ustez, prozesu hori lagungarria izan daiteke bide penala «humanitzatzeko». Justizia Errestauratiboaren Estrategia eratze prozesuan dago oraindik, baina Artetxek gogoratu du 77 ekintza prestatuko dituztela, hemezortzi helburu lortzera bideratuak.

Aditu ugari
Bilbon egiten ari diren sinposioan, justizia errestauratiboan adituak diren nazioarteko pertsona ugari ari dira parte hartzen. Gaur, Tim Champan Justizia Errestauratiboaren Europako Foroko kidea eta Gustav Tallving Europris erakundeko kidea izan dira hizketan. Nazioarteko foro bi horietan parte hartzen du Eusko Jaurlaritzak. Horiekin batera, besteak beste, EAEko Arartekoak justizia errestauratiboa aztertu du gorroto delituen kasuetan, eta Leuveneko Unibertsitate Katolikoko Brundila Pali irakasleak bere ikuspegia eman du indarkeria sexualizatuaren kasuetan kartzelatik ateratzeko estrategiei buruz.

Bihar, beste hainbat aditu arituko dira jardunaldietan; tartean, Espainiako, Poloniako, Nafarroako, Kataluniako eta Italiako esperientziak kontatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.