Biktimak

Kalte ordaina ukatu eta epaiketa ordainaraziko diote Joxi Zabalaren amari

Espainiako Auzitegi Nazionalak 9.256 euro exijitu dizkio Felipa Artanori, Konstituzionalaren epaiari jarritako helegitea baztertu ostean

Lasa eta Zabalaren auzia argitzea exijitzeko manifestazioa, iaz, Tolosan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 4a
20:50
Entzun

9.256 euro eta bi zentimo. Espainiako Auzitegi Nazionalak diru kopuru hori pagatzeko beharra ezarri dio Felipa Artano Sagastumeri, Joxi Zabalaren amari, alegia. 1983an GALek bahitu, torturatu eta hil zituen bai Zabala bai Joxean Lasa, baina Espainiako Barne Ministerioak erabaki zuen euren familiek ez zutela terrorismoaren biktima izateagatik zegokien kalte ordaina jasoko. Auzitegi Konstituzionalak 2017an berretsi zuen erabakia, eta horri helegitea jarri zion Artanok, «errugabetasun presuntzioa urratzen» zuelakoan, ez baitzen inoiz frogatu Lasa eta Zabala ETAko kideak zirenik. Orain, errekurtsoa baztertu du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketaren kostuak ordainarazi nahi dizkio Zabalaren amari, «ezein aldek ez baitzuen kostuen tasazioa inpugnatu», Elena Oca de Zayas epailearen arabera.

Kalte ordainik ez familientzat

Auzitegi Nazionalak bere egin du, hortaz, Konstituzionalaren tesi nagusia; hau da, ETAko kidea zela Zabala, hala agertzen delako Lasa-Zabala auzian Auzitegi Nazionalak emandako zigor epaian. 2000. urtean izan zen hori: Enrique Rodriguez Galindo jenerala eta beste lau lagun zigortu zituzten, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Hura ekintza «terrorista» izan zela aitortu arren, sententzia horretan Zabala etakidetzat hartzen denez, horrek «gizartearen elkartasuna» jasotzea eragozten dio familiari, epaileen esanetan.p>

Hala ere, Konstituzionalaren barruan ere tira-birak eragin zituen sententziak. Adela Asua eta Fernando Valdes epaileek boto partikularra eman zuten, eta argudiatu zuten Zabala ez zutela inoiz epaitu etakide izateagatik: «Egindako delitutzat hartzen da, horri buruzko sententziarik ez dagoen arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.