Asteburuan jokatzekoak ziren Buruz Buruko Txapelketako lau partidetatik bi besterik ez dira jokatuko. Ostiralean, Unai Laso eta Beñat Rezusta ziren aritzekoak Baños de Rio Tobian (Espainia), baina Lasok uko egin dio jokatzeari, mina baitu sorbaldan. Beraz, Rezustari eman diote irabazitzat neurketa: 22-0. Emaitzak, hala ere, ez du ondoriorik: Lasok ziurtatua zuen B multzoko lehen postua, eta Rezustak jada ez zuen aukerarik sailkatzeko.
Bertan behera geratu da Joseba Ezkurdiak eta Dario Gomezek larunbatean Iruñean jokatu behar zuten lehia ere, Dariok mina baitu eskuetan. Horretan ere ez zegoen ezer jokoan: Ezkurdiak ziurtatua zuen A multzoko aurreneko postua, eta Dariok jada ez zuen aukerarik. Arbizuarra, beraz, txapelketan bi partida bakarrik jokatuta ariko da finalerdietan. Duela bi aste jokatu zuen azkenekoz, Jose Javier Zabaletaren aurka, ligaxkako lehen jardunaldian: 22-21 irabazi zuen. Sasoiari eusteko, binaka ariko da larunbatean, Donostian.
Jaialdi berean ariko dira Jokin Altuna eta Zabaleta elkarren aurka, finalerdietarako sailkatzeko lehian, betiere Altuna osatzen bada. Bihar egingo du proba, pilota aukeraketaren aurretik. Irabazlea Lasoren aurka ariko da finalerdietan. Ezkurdiak, berriz, Erik Jaka edo Iñaki Artola izango du arerio. Bi horiek igandean ariko dira, Bilbon.