Gizon bat hilda aurkitu zuten atzo Bilboko Casilda Iturrizar parkeko banku batean; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik. Pertsona batek Ertzaintzari jakinarazi zion atzo gizonak denbora zeramala banku batean, manta batekin estalita, eta ez zela mugitzen. Anbulantzia bat bertaratu zen, eta osasun langileek gizonaren heriotza egiaztatu zuten segituan.
Gorpua Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman zuten autopsia egiteko eta heriotzaren arrazoiak ezagutzeko.
LABek gertaturikoa salatu du, eta, ohar berean, gogora ekarri du atzo Zabalgarbiko errauste plantan gorpu bat topatu zutela, bi hildakoak etxegabeak zirelakoan. «Ez da kasualitatea» adierazi du sindikatuak. «Kalean dauden pertsonak gauean hotzez ez hiltzeko zabor edukiontzietan babes hartu behar izateak badu izena: nekropolitika». LABek azaldu du boteretsuentzat bizitza batzuek beste batzuek baino gehiago balio dutela, eta politika publikoak horren arabera antolatzen ari direla.
BERRIAk baieztatu duenez, Zabalgarbiko zabortegian agertu zen gorpua 20 urteko migratzaile batena da, eta Bizkaiko Aldundiaren tutoretzapean egon izan da, hainbat hedabidek aditzera eman dutenez. Azaldu dute gizonezkoak dokumentazioa zeramala gainean, eta horrela jakin ahal izan dutela nor zen; hala ere, oraindik Segurtasun Sailak ez du ezer baieztatu.
Bilboko Udalak Atxuri auzoan etxerik gabeko etorkinek lo egiteko erabiltzen zuten estalpea itxi izana nekropolitika horren adibidetzat jo du sindikatuak.
Hegoaldeko gobernuei, aldundiei eta udalei eskatu diete «erantzukizun politikoa saihesteari uzteko».
Etxegabeak sostengatzeko Beste Bi plataformak biltzera deitu du datorren astelehenean, Areatzako estalpeetan, azken bi heriotzen aurka protestatzeko.
#besteBi#InorEzEtxerikGabe#NadieSinHogar Maiatzak 11, asteazkena 11:30.etan. Areatzako Estalpeetan /Miércoles, 11 de mayo a las 11:30. En los Tinglados del Arenal, Bilbao. pic.twitter.com/5BJ1zzW2gb
— BesteBi plataforma (@BesteBi_PSHbiz) May 4, 2022