ander perez zala
Ipar Irlandako hauteskundeak

Ipar Irlandaren etorkizuna

2022ko maiatzaren 4a
13:03
Entzun

Ipar Irlandako herritarrek argi utzi dute zeintzuk diren beren lehentasunak: batez ere osasun sistemaren, etxebizitzaren eta bizitzaren kostuaren inguruko arazoak konpontzea. Komunitate guztiek partekatzen dituzte kezka horiek, eta, hortaz, Irlandaren batasunak eta Ipar Irlandarako Protokoloak ez diete ardura bera ematen boto emaileei. Auzi sozioekonomikoak dira garrantzitsuenak.

Testuinguru horretan, interesgarria izan da alderdi nagusien kanpainako estrategiak ikustea; eta, bi indar politiko nagusiak konparatuz gero, are gehiago. Sinn Feinek ez du ia aipatu ere egin irla elkartzeko galdeketa; iragan hilabete hasieran Michelle O'Neill alderdiaren iparraldeko buruzagiak esan bezala, «jendea ez da esnatzen» auzi horretaz pentsatzen. Horren ordez, 2020an Irlandako Errepublikako bozetarako egin zuen bezala, indar politiko errepublikanoak afera sozioekonomikoetan jarri du arreta, herritarren kezkak bere eginez.

DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren kasuan ez da gauza bera gertatu. Jeffrey Donaldson buru duen indarra tematuta dago Ipar Irlandarako Protokoloarekin —eta lurraldeak Erresuma Batuan duen tokiarekin—, eta horren inguruko kanpaina egin du, zailtasun sozioekonomiko askoren iturri dela argudiatuta. Donaldsonek hainbatetan ohartarazi du DUP ez dela gobernura itzuliko Londresek eta Bruselak ez badituzte alderdi unionistaren protokoloaren inguruko kezkak konpontzen; eta, gainera, DUPen buruzagiak ez du argitu lehen ministrorde bat aurkeztuko duten Sinn Feinek lortzen badu ordezkaritzarik handiena —eta, beraz, lehen ministroa izendatzeko eskubidea—.

Ipar Irlandan botere partekaturiko gobernua dute, eta, beraz, legez, irlandar nazionalistak eta britainiar unionistak elkarrekin lan egitera behartuta daude. Baina batek hutsik uzten badu dagokion aginte postua —gobernuburu edo gobernuburuordearena—, bestea ere hutsik geratzen automatikoki, eta, hortaz, gobernuak ez du funtzionatzen.

DUPek jarrera horri eusten badio, Ipar Irlanda beste blokeo politiko batean murgilduko da. 2017ko bozen ostean ere hala gertatu zen, eta hiru urte inguru behar izan zituzten botere partekatuko gobernua berriz martxan jartzeko; eta, halere, gutxi iraun zuen, alderdi unionistak iragan otsailean atera baitzuen lehen ministroa lantaldetik, protokoloaz kexu.

Bitxia da DUPen norabidea. Datozen urteetan Irlandaren batasunaren auziak garrantzi handia hartuko duela kontuan harturik, nola konbentzitu nahi ditu herritarrak Erresuma Batuan jarraitzearen abantailez, Ipar Irlandako sistema politikoa blokeatuta mantenduko badu?

Unionistentzat, UUP Ulsterko Alderdi Unionistaren buruzagi Doug Beattiek apiril amaieran Belfast News Letter egunkariari adierazitakoa izango da giltzarri: loialistek behar dutena da Ipar Irlandak ongi funtzionatzea, erakargarria izatea, eta horrek guztiak esan nahi du Asanblea eta gobernua lanean egon behar direla. Edo, beste modu batera esanda, blokeo politikorik ez egotea, Sinn Feinek lehen ministro kargua lortzen badu ere.

Inkestek azken urte eta erdian islaturikoa betetzen bada, alderdi errepublikanoaren emaitza historikoa izango da —estreinakoz lehen indarra izango delako—, baita unionismoak jasoko duen zaplazteko politikoa ere. Berez, aldaketa sinbolikoa litzateke, gobernuburuak eta gobernuburuordeak botere berbera baitute, baina kolpe psikologikoa handiegia izan daiteke loialistentzat.

Unionismoko sektore askok brexit-a aukeratzat ikusi zuten Irlandako irlan muga gogor bat itzularazteko eta sistema politikoa —eta Ostiral Santuko Akordioa— hondoratzen saiatzeko, baina, finean, jokaldia gaizki atera zaie, eta unionistentzat sorturiko Ipar Irlandaren etorkizuna geratu da jokoan.

Horretan, giltzarri izan daiteke bozetan emaitza bikoiztea lor dezakeen Aliantza Alderdia, Ostiral Santuko Akordioak finkaturiko sistema politikoaren erreforma mahaigaineratu duena. Izan ere, unionisten eta nazionalisten aldeko botoek behera egin dute itun hori sinatu zutenetik, eta beren burua bi komunitate horietatik kanpo kokatzen dutenena igo egin da; hortaz, multzo horretako alderdiak erabakigarriak izango dira edozein aldaketarako.

Eta, bien bitartean, Sinn Fein Ipar Irlandako eta Irlandako Errepublikako lehen indarra bilakatzen ari da. Eta, pixkanaka, alderdi errepublikanoak irlaren batasunari buruzko erreferendumerako pausoak emango ditu: horretarako, hari ere ongi datorkio Iparraldeko gobernua indarrean egotea, batez ere Ipar Irlandak Hegoaldearekin duen harremana are gehiago sendotzeko, eta galdeketarako prestatzen hasteko. Baina DUPek blokeo jarrerari eutsiko balio ere, baliteke Sinn Feinek boto emaile gehiago erakartzea; bi testuinguruetatik pozik atera liteke alderdi errepublikanoa, erabaki egokiak hartuz gero.

Aurtengo bozez gain, beste data batzuk ere erabakigarriak izango dira Ipar Irlandaren etorkizunarentzat: 2024ko abendua, parlamentuak urte horretan bozkatuko baitu protokoloak indarrean jarraitu ala ez; eta 2025a, Irlandako Errepublikan hauteskundeak egingo baitituzte. Hiru urte barru, beraz, Sinn Fein egon liteke irlako bi gobernuen buruzagitzan; eta, hortaz, unionismoak hiru urte ditu esnatzeko eta estrategia arrakastatsu bat finkatzeko. Eta hori Ipar Irlandako erakundeen funtzionamendu egokitik hasten da; bestek beste, auzi sozioekonomikoei aurre egiteko gai direla frogatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.