Ipar Irlandako hauteskundeak

Colin Harvey: «Irlandaren batasunarena hazten ari den elkarrizketa bat da»

Colin Harvey Ireland’s Futureren zuzendaritzako kide eta Belfasteko Queen’s Unibertsitateko irakaslea da. Haren ustetan, Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuak irlan egon daitekeen «aldaketa konstituzionalerako» prestaketa lanak egiten hasi behar dira.

Colin Harvey. ANDER PEREZ ZALA
ander perez zala
2022ko maiatzaren 3a
18:04
Entzun

Goiza da Belfasteko Queen’s Unibertsitatean. Hiriaren hegoaldean dago campusa, eta, eguerdia gerturatzen ari den arren, oraindik ez da jende askorik ikusten inguruan; baliteke ikasle eta irakasle gehienak klasean edo liburutegian egotea.

Lore arrosaz beteriko zuhaitzen eta belardi txiki batzuen alboan dago unibertsitateko kafetegia, Junction izenekoa, Zuzenbide Fakultateari itsatsita. Han jarri du elkarrizketarako hitzordua Colin Harveyk (Derry, Irlanda, 1970), Giza Eskubideen Zuzenbideko irakasle eta Irlandaren batasunari buruzko Ireland’s Future taldearen zuzendaritzako kideak. Bere bulego txikira joateko gonbita helarazi du: liburuz eta txostenez betea dago, apaletan eta lurrean. Azken solairuan dagoenez, hiriaren sekulako ikuspegia du.

Zer da Ireland’s Future?

Irlandako uhartean egon daitekeen aldaketa konstituzionalerako antolaketa lanak eta prestakuntza segurtatzeko lan egiten du. Urteotan [2017tik], Ireland’s Future ekitaldiak antolatzen aritu da, argitalpenak prestatu ditu, eta hainbat talde osatzera deitu; Herritarren Asanblea batera, esaterako.

Zertarako? Irlandaren batasunari buruzko galdeketara deitzen dutenean, herritarrak prest egon daitezen, eta erabat informatuta eman dezaten botoa. Ireland’s Future batasunaren alde dago, baita antolaketa eta prestakuntza egokiak egitearen alde ere.

Aurtengo bozak garrantzitsuak dira auzi horri dagokionez?

Iruditzen zait ez ditugula askorik dramatizatu behar osteguneko Asanblearako bozak. Kanpainan auzi askori buruz ari dira, baina herritar gehienen kezka eta nahia da botere partekatuko gobernua berriz martxan jartzea.

Bada eztabaida bizi bat [Ipar Irlandarako] protokoloaren inguruan ere. Eta egia da Sinn Feinek lortzen badu ordezkaritzarik handiena eta lehen ministro kargua, noski, Irlandaren batasuna auzi garrantzitsua da haientzat...

Halere, tentuz begiratu behar zaie kopuruei, eta nazionalista eta errepublikanoena aztertu behar da egoeraren argazki orokor bat izateko. Babes hori ez bada nabarmen handitzen, horrek iradokiko du erreferenduma ez dela gertuago egongo.

Aipatu da galdeketa gero eta gertuago dagoela, baina Sinn Feinen eta SDLPren [Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren] programak irakurrita, galdeketak ez du toki handirik. Beste gai batzuk lehenetsi dituzte: etxebizitza, osasungintza...

Boz hauetan, auzi nagusia Asanblea itzultzea da. Irlanda berriz elkartzea Sinn Fein eta SDLPren politiken erdigunean egongo da beti.

Asanblearako bozak dituzunean, ulergarria da herritarrek burua beste gai batzuetan izatea. Oinarrizko auzi sozioekonomikoak dira, denen egunerokoan eragina dutenak; COVID-19 osteko egoeran gaude, eta krisi sozioekonomiko batean murgilduta. Erosteko ahalmenean, esaterako, nabaritu dira aldaketak.

Sinn Fein eta SDLP beti egongo dira Irlanda berriz elkartzearen alde engaiatuta. Eztabaida hori abaila hartzen ari da: horrek eztabaida aurrera eraman du orain arte ikusi ez dudan era batean.

Brexit-aren ondorioz?

Bai, erabat. Brexit-aren ostean, aldaketa konstituzionalari buruzko eztabaida nabarmen azkartu da. Ipar Irlanda [EB] Europako Batasunetik atera zuten bere iritziaren kontra. Brexit-ak esan nahi du Irlandako irlako lurreko muga EBren kanpo muga bat bilakatu dela. Elkarrizketa hau EBtik kanpo izaten ari gara. Herritar askorentzat, Irlandako irla berriz zatitzea bezala izan da.

Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek galdeketarako prestatzen hasi behar dute?

Bai, ezinbestekoa da. Hizpidera ekarri dugun auziko ezer ez da sorpresa bat izan. Ostiral Santuko Akordioaren erdigunean dago: kontsentsua da lurraldearen etorkizunaren oinarria. Herritarrek joatea erabaki dezakete; adostua eta onartua dago. Ergela eta axolagabea da gobernuek prestaketa lanik ez egitea. Hemen inork ez du nahi brexit-ekoaren antzeko erreferendum bat; inork ez du horrelako batean estropezu egin nahi. Bi gobernuei prestakuntza lanak hasteko eskatu diet.

Zer erantzun dizute? Irlandakoak, adibidez.

Hasieran, esaten zuten ez zela garai egokia hori eztabaidatzeko. Orain, uste dut [jarrera] hori aldatzen ari dela; Irlandako Gobernua Irla Partekatua deituriko iniziatibak osatzen aritu da, baita horiek finantzatzen ere. Saiatu dira zuzeneko aipamenik ez egiten konstituzioa aldatzeari buruz, baina egiten ari diren lana oso lagungarria da galdeketa baterako prestatzen arituko bazina...

Hizkuntza desberdina erabiltzen ari gara, beste modu batera deitzen diote, baina egiten ari diren lana horri buruzkoa da. Hori bai, uste dut Irlandako Gobernuak askoz ere gehiago egin dezakeela. Irlandako Konstituzioan dago, Ostiral Santuko Akordioan ere bai... Ez dago lotsatzeko beharrik antolaketa lana egiteagatik.

Gutxienez posible da datorren hamarkadan herritarrei hautua ematea irlaren etorkizuna erabakitzeko. Niregatik bada, planak ondu ditzatela eta presta daitezela horretarako.

Eta Londresek zer erantzun du?

Londresek ez du engaiatu nahi, nahiz eta Britainiako Gobernuak eginkizun zentrala duen erreferendumera deitzeko. Ostiral Santuko Akordioak malgutasun handia ematen dio [Erresuma Batuaren] Ipar Irlandarako ministroari galdeketa abiatzeari dagokionez.

Argiagoa izan behar da. Biek elkarri hitz egin behar diote auzi honetaz; adibidez, eta batez ere egun martxan dagoen Britainiako eta Irlandako Gobernuen Arteko Konferentziaren bitartez.

Bi gobernuek auzi honi kontu ez egiteak desegonkortasuna eragin dezake lurraldean, beste guztiak ari baitira horretaz hitz egiten eta prestakuntza lana egiten.

Ostiral Santuko Akordioan ez zuten zehaztu Ipar Irlandarako ministroak zer ebidentzia objektibo hartu behar dituen kontuan galdeketara deitzeko. Zeintzuk dira, zure ustez?

Galdera ona da. Herritarrek autodeterminaziorako eskubidea dute, baina, hori probatzeko, pisu handia eman zaio Ipar Irlandarako ministroari. Ematen baldin badu gehiengoak Irlanda berriz elkartzearen alde bozkatuko lukeela, orduan deituko luke.

Arrazoi duzu. Zer ebidentzia hartu behar da kontuan? Eztabaida bizi eta aktibo bat dago horri buruz. Inkestek islatzen dutena izan daiteke, adibidez; hori lagungarria izan liteke. Ebidentzia elektorala ere kontuan hartu beharko litzateke. Argi dagoena da auzi honetaz argitasun gehiago behar dela; baita Britainiako Gobernuaren partetik ere. Zenbait alditan idatzi diot Ipar Irlandarako ministroari argitasun eta xehetasun eske, ziurtasunik eza problematikoa izan baitaiteke.

Erantzuna da ez dakigula ezer; eta hori, bere hartan, interesgarria da. Sen onak esaten du ebidentzia demografikoa izan daitekeela, baina hori ez da adierazle fidagarria. Ez dakit... Londresen jarrera ere kontuan hartu beharko da, galdeketari uko egingo balio, Eskozian bezala... Horregatik uste dut bi gobernuek argi zehaztu behar dituztela parametroak.

EBk prozesuan parte hartu beharko luke?

Berriz elkartzea gertatzen bada, hau guztia Ipar Irlanda EBn berriz sartzeari buruzkoa ere izango da, brexit osteko testuinguruan. Nire ustez, EBk eta horko erakundeek interesa dute gai honetan eta estatu kideetako batean gertatzen denaren inguruan.

Hautua irlako herritarrena da, baina, bi gobernuek ez ezik, EBk ere hasi beharko luke prestatzen, 2019ko txostenean esan genuen modura [Europako Ezker Batua-Ezker Berde Nordikoak eskaturikoan]; betiere, emaitzari buruzko iritzia aurrez izan gabe.

Ondorioei buruz pentsatu behar da: trantsiziorako babesa emango lioke Irlandako irlari? Europar Kontseiluak esan zuen Ipar Irlanda automatikoki itzuliko zela EBra, eta horrek Eskoziarena ez den beste testuinguru batean jartzen du lurraldea. Dimentsio berri bat da eztabaidan.

Unionismoko ahots gehiago behar dira eztabaidan?

Hazten ari den elkarrizketa bat da, eta jatorri guztietako jendea ari da parte hartzen. Esaten da alderdi politiko unionistak ez direla engaiatuko eztabaida honetan, eta hori ulergarria da; baina nire esperientzia da komunitate guztietako jendea dagoela... Batez ere jatorri zibilekoak dira [unionista horiek]. Astero zerbait dago: ekitaldi bat, eztabaida bat...

Lagungarria izango litzateke alderdi politiko unionista nagusiak horretan parte hartzeko prest agertuko balira, eta hau guztia diseinatzen lagunduko balute. Halere, haien jarrera ez da sorpresa bat; DUP [Alderdi Demokratiko Unionista] baldin bazara, egiazki nahi duzu honetan egon? Ez badira eztabaidan sartzen, badute zeregin bat, eta hori da zehazki azaltzea zein den beste aukera.

Badakit klixe bat dela, baina hemengo historia da: gizarte zibila doa aurretik, eta alderdi politikoek eta gobernuek jarraitu egiten diote. Eta uste dut orain ere buruzagitza hori dagoela uhartean.

Orduan, unionistak prest daude eztabaidarako?

Unionismo politikoa urduri dago berea ez den agertoki bat kontuan hartzen duen edozein espaziotan sartzeko. Ez dut uste nahikoa prestatuta dagoenik [Erresuma Batuaren] batasunaren aldeko eztabaidarako; gehiago lerratzen da status quo-aren aukerara.

Alderdi politiko unionista handiek ez dute eztabaida honetaz gogoeta egin nahi ere; unionista politiko batzuentzat eztabaidan sartzea zilegitasuna ematea baita.

Itxurak egitea ez da burutsua. Jendeak erabakitzeko eskubidea du; utzi erabakitzen. Jakinarazi zeren alde ari diren bozkatzen, eta errespetatu emaitza. Ostiral Santuko Akordioa horri buruz da.

Irla elkartuko balitz, Iparraldeak autonomia estatus bat izan beharko luke?

Solasaldiaren alde liluragarrietako bat da: nolakoa izango den Irlanda batua. Eztabaida ireki bat dago bi aukeraren artean: zentralizatua izatea ala Iparraldeak parlamentuari eta gobernuari eustea. Eztabaida bizia dago; horregatik uste dut prestakuntza lanak premiaz hasi behar direla.

Zure galderak behar bat islatzen du, gainera: xehetasun gehiago behar ditugu auziaz. Eta, Irlanda elkartzearen aldekoentzat, azaldu behar dugu batasunak zer esan nahi duen. Hor bi aukera daude: erreferendumaren aurretik erabakitzea ala elkartzearen ondoren, biltzar konstituziogile baten bidez-edo, adibidez.

Zure kontrako kanpaina bat egon da urteotan, eta presio politikoa, Irlandaren batasunaren aferan egin duzun lanagatik.

Auzi interesgarria da. Asko parte hartu dut eztabaidan, eta haserre dauden eta eztabaida izan nahi ez duten askorentzat iman bat bilakatu naiz. Kanpaina ez da gelditu, jarraitzen du, eta areagotu egin da modu askotan. Nazio Batuen Erakundearen berriemaile berezi batzuek ere esku hartu zuten duela gutxi, gertaerekin kezkatuta zeudelako. Beste toki askotatik ere antzeko mezuak jaso ditut.

Batzuek lengoaia oso arduragabea darabilte protokoloaz aritzean. Halere, ez dut ezer handizkatu nahi. Ez dut uste iraganeko egoeratik gertu gaudenik ere. Buruzagitza politiko eta zibila behar da... Azken urteak pixka bat zailak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.