Euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimendu herritarrak manifestazio batera deitu du ekainaren 18rako: Iruñean eginen dute, eta, manifestazioa bera 18:00etan abiatuko bada ere, aitzinetik lau zutabetan joanen dira abiapuntura, Iruñerriko lau lekutatik. 17:00etan elkartuko dira herritarrak: Decathlon aitzinean, Cordovilla poligonoan, Atarrabian eta Etxabakoitzen; eta, ondotik, Antoniuttin elkartuko dira denak, martxa hasteko.
Euskal presoek oraindik ere jasaten dituzten salbuespen neurriak salatuko dituzte manifestazioan, eta, gaur Nafarroako Sareko kideek Iruñean egin duten agerraldian azaldu dutenez, «elkarbizitzaren eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak» bildu nahi dituzte martxan. Etxera bidea, gertu lelopean eginen dute mobilizazioa —lelo bera jarri diote urriaren 8an Donostian eginen duten aldarrikapen egunari—.
Sareko kideek adierazi dutenez, azken bi urteak «garrantzitsuak» izan dira euskal presoentzat: «Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta, horrekin batera, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela». Salatu dute, ordea, kontrako jarrerak ere azaleratu dituela aldaketa horrek, eta oraindik ere badirela «oztopoak». Horregatik deitu dituzte herritarrak karrikara ateratzera: «Aldaketa hau egia bihurtzeko, euskal presoen etxeratze bidean ezarritako oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu». Nabarmendu dute «guztien ardura» dela: «Izan gaitezen aktibo, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean».
Espetxetik lasterka
Ekainaren 18ko manifestazioari «oihartzuna» emateko asmoz, bertzalde, herri lasterketa bat antolatu du Nafarroako Sarek ekainaren 4rako: Iruñeko espetxetik abiatuko da, eta Gazteluko plazan emanen diote akabera. Bortz kilometro izanen ditu guzira.