Martxoaren 15ean, Netflixek iragarri zuen aurten edukien 20 ordu bikoiztu eta 200 ordu azpidatziko dituela. Pantailak Euskaraz taldeak «aurrerapausotzat» jo zuen. «Baina ez da nahikoa», adierazi zuen.
Duela egun batzuk hasi ziren katalanezko azpidatziak jartzen film bakan batzuetan. Galegozkoak heldu ziren gero. Eta euskarazko azpidatziak egunotan jarri dituzte bi filmetan: Erresuma Batuko Choose or die eta Poloniako 365 dni. Toby Meakinsek zuzendutako beldurrezko filma da Choose or die, eta bideojoko arriskutsu batek gazte batengan duen eragina kontatzen du. Poloniako filma, berriz, mafiarekin lotutako gorabeheren ingurukoa da —bigarren zatia estreinatu berri dute, baina hori ezin da euskarazko azpidatziekin ikusi—. Barbara Bialowas eta Tomasz Klimala dira 365 dni filmeko gidoilari eta zuzendariak.
Itzultzaile bakar batek eginak dira film bakoitzeko azpidatziak. Choose or die filmean, erraz jarraitzen zaie elkarrizketa guztiei euskaraz (jatorrizko audioa ingelesezkoa da). Baina, tarteka, akatsen bat edo beste ageri da azpidatzietan.
Uztailaren 8an, bestalde, Netflixek bere kabuz euskarara bikoiztutako lehen filma estreinatuko du: The Sea Best. Bikoiztutako film guztiak haurrei zuzendutakoak izango dira. Azpidatziak, berriz, helduentzako edukientzat izango dira.
Amazon Prime Video ere hasi da
Netflixen pausoaren ostean beste plataforma batzuenak ere iritsiko direla espero du Pantailak Euskaraz taldeak. Litekeena da hala izatea laster, eta horren adibide da Amazon Prime Video. Urtarrilean, ordainpeko plataformak iragarri zuen Espainian ekoitzitako lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela. Katalogoari erreparatuz gero, bada telesail bat euskarazko azpidatziekin ikus daitekeena: En la corte del principito. Gaztelaniazkoa da jatorrizko bertsioa.
Movistar Plus Espainiako plataforman ere zenbait edukiren euskarazko azpidatziak eskuragarri daude.