Arlo soziopolitikoan datozen urteetan jarraitu beharreko bidea ere xehatu du LABek 10. Biltzar Nagusiko txostenean. Horien artean, sindikatuak «ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikal nazionala» izan nahi du, eta, horretarako, «bere gain» hartuko du «estrategia independentista eraldatzailea garatzeko ardura». Izan ere, LABek nabarmendu du «eredu berri baten araberako Euskal Errepublika konfederala» sortzeko «borroka eta eraikuntza ziklo berri bat» sustatu beharra dagoela: «Herri antolaketa eta bulkadak behar du izan ziklo horren ardatza, baldintza berriak sortzeko akuilu eta indar harremanak aldatzeko giltza».
Eraldaketa soziala sustatzeko, ezkerreko independentismoak estrategia bateratua garatu beharko lukeela uste du LABek: «Eremu sindikal, soziala eta politikoaren artean oinarri komun batzuk adostu beharko genituzke, eremu bakoitzaren autonomia errespetatuz, baina era berean elkarrekin ditugun helburu komunen mesedetan sinergiak bilatuz». Ildo horretan, gogora ekarri dute 2017ko irailean ELArekin sinatutako adierazpena, hor jasotzen baitziren lan harremanetarako esparru propioa osatzeko pausoak ematea, ezkerreko aliantzak sustatzea eta aldebakarreko burujabetza prozesu bat martxan jartzea.
«Zoritxarrez, aipatutako Adierazpenak ez zuen ibilbiderik izan», dio sindikatuak, erantsita LAB «bakarrik» geratu dela «maila deklaratibotik praktikarako urratsa» egiteko orduan: «Eta praktika independentista eraldatzailerik gabe ez dago menpekotasun egoera gainditu eta langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntza ekarriko duen burujabetza markoa eskuratzerik».
LABek «bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Errepublika sortzeko borroka eta eraikuntza ziklo berria» jarri nahi du martxan, eta, horretarako, «euskal sozialismo feminista» jarri du eredu gisa: «Berau eraikitzeko, Euskal Errepublika konfederal eta independentea eraikitzea da gure apustua. Horixe da krisi sistemikoaren aurrean berresten dugun alternatiba estrategikoa». Ildo horretan, egitekoen artean aipatu dute «euskal trantsizio ekologista, sozialista eta feminista». Izan ere, sindikatuaren esanetan, «kapitalaren etekinak erdigunean kokatzen dituen eredutik, herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituen eredura» igaro behar da: «Emakume*, txiro eta arrazializatuen kontrako egiturazko indarkeriatik, bizitza guztiak aintzat hartu eta bizigarri egingo dituen eszenatokira. Menpekotasun nazionaletik, independentziara. Egoera diglosikotik, Euskal Herria euskaldunera».
Feminista eta antirrazista
Biltzarraren berrikuntzetako bat izan da sindikatuaren barruan idazkaritza antirrazista bat sortzeko asmoa, «sindikatuaren ikusmolde etnozentrikoa berrikusi eta erakundean egon litezkeen mikrorrazismoak ezabatzeko prestakuntzan» arreta jartzeko. Era berean, langile migrante eta arrazializatuak modu sindikalean antolatzeko beharrezkoak diren estrategia eta baliabide espezifikoak jorratuko ditu. «Nork bere lantokian egin dezakeenaz gain, langile migratu eta arrazializatuek subjektu gisa ekarpen garrantzitsuak egin ditzakete», dio LABek txostenean.
Feminismoari dagokionez, «bizitzaren aldeko eta kapitalaren aurkako» ildoari eutsiko diote, «bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren zaintza lanen aitortza» sindikatuaren proposamenen «erdigunean» kokatuz. Halaber, ekintza soziosindikalari dagokionez, soldata arrakalaren kontrako borroka lehentasuntzat jo eta sektore feminizatuen borrokak «hauspotu eta ikusgarri egiteko» lan egingo dute.