Tartean behin porrot sonatuak jasan arren, Europako Batzordeak ez du etsi enpresa teknologikoen nagusikeriaren aurkako borrokan. Appleri egokitu zaio orain Bruselaren errieta jasotzea: lehiaren aurkako jokaera egotzi dio, iOs sistema operatiboan telefono bidezko ordainketetan sarbiderik ez uzteagatik Apple Pay bere zerbitzuaren lehiakideei.
Duela bi urte zabaldu zuen ikerketa Margrethe Vestager Lehiarako lehendakariordeak, eta gaur kaleratu du ikerketa haren lehen emaitza. Vestagerren arabera, uste dute Applek «derrigorrezko teknologiarako sarbidea mugatu» diela telefono bidezko ordainketa aplikazioak garatu nahi duten Apple Payren lehiakideei.
Ordainketa sistema horiek NFC izeneko mikrotxip bat (Near Field Communication) erabiltzen dute telefonoaren eta ordainketa aparatuaren arteko kontakturik gabeko lotura egiteko. Lehiakideak kexu dira Applek ez diela iPhone telefonoen NFCn sartzen uzten. Applek argudiatu izan du muga hori segurtasun arrazoiengatik egiten duela, lehiakideei sarbidea utziz gero iruzurra egiteko aukera handituko litzatekeelako. Argudio hori ukatu du Vestagerrek: «Segurtasunari buruz oso serioak gara, baina gure orain arteko ikerketak ez du frogatzen arrisku hori dagoenik. Kontrara, froga daiteke segurtasun arazoek ezin dutela Appleren jokaera justifikatu».
Ikerketa sakonago batek akusazioa baieztatuko balu, bere diru sarreren %10erainoko isun bat ordaindu beharko lioke AEBetako konpainiak EBri. Iaz Applek 350.000 milioi euro fakturatu zituen, eta horren %10 35.000 milioi dira, Euskal Herriko barne produktu gordinaren heren bat gutxi gorabehera.
Telefono bidezko ordainketei buruzkoa ez da 2020an Vestagerren taldeak irekitako ikerketa bakarra. Halaber ari da aztertzen Applek App Storeren lehiakideen kalterako ari ote den, aplikazio batzuetan harpidetzaren %30 beretzat gordetzen duelako eta, aldi berean, zerbitzu batzuk ez dituelako ematen. Spotifyk salatu zuen Apple.
Isuna, bertan behera
Edonola ere, Applek eta Europako Batzordeak zergen inguruko gatazka izan zuten sonarik handienekoa. 2016an, Batzordeak agindu zion Irlandari berreskuratzeko Applek trikimailuen bitartez zergetan ordaindu ez zituen 13.000 milioi euro. Dublingo gobernuak berak egin zuen erabaki horren aurka, uste zuelako diru gehiago zuela galtzeko baldin eta Applek erabakitzen bazuen Irlandan duen parte hartzea txikitzea. Applek 6.000 langile enplegatzen ditu Cork hirian, eta EBko negozioaren zatirik handiena handik gidatzen du, Irlandako zerga sistemaren abantailak baliatzeko.Azkenean, 2020an, EBko Auzitegiak arrazoia eman zion Irlandari, eta kolpe gogorra Vestagerri.
Duela bi aste, talde teknologiko handien boterea mugatzeko bi araudi onartu zituen Bruselak.