Nafarroako Foru Hobekuntzak 40 urte beteko ditu aurten. 1982ko martxoaren 15ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta urte hartako abuztuaren 16tik dago indarrean. Ez zen erreferendumik egin. Urteurrena baliatuz, XXI Nafarroa herri ekinbideak mobilizazioa eginen du maiatzaren 14an, Iruñeko Sarasate pasealekuan, 17:30ean. Ireki dezagun eztabaida. Parte hartzea eta kontsulta izanen da leloa, eta «adostasun berriak lortuko dituen eztabaida politiko eta sozial berri bat» eskatuko dute, baita hura nafar gizarteak berretsi dezan ere.
Gaur goizean eman dute mobilizazioaren berri, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Mikel Sotok eta Isabel Diez Diazek hitz egin dute taldearen izenean. Nafarroak Espainiarekin eta Europarekin duen «harreman eredua» erabakitzeko «bermeak» eskatu ditu Sotok, eta «gaitzetsi» ditu azken urteetan autogobernuari egindako «erasoak». «Alderdi politikoei Nafarroaren autogobernua eta bere garapen legitimoa defendatzeko eskatzen diegu».
Foru Hobekuntzak «defizit demokratikoa» duela salatu dute, horregatik nahi dute eztabaida ireki. Gainera, haien aburuz lege horrek ez du Nafarroako egungo gizartearekin bat egiten: «Ez baita eraberritu, eta bertan zehazten dena ere ez baita bete. Okerrena da 40 urte geroago eskumen asko transferitu gabe daudela», esan du Sotok.
Taldeko kideak kontent dira, haien ustez ez parlamentuak ezta Nafarroako gizarteak ere ez omen duelako zalantzan jartzen autogobernuaren inguruko eztabaida egin behar denik: «Ezinbestekoa eta urgentea da», zehaztu du Sotok. Era berean, salatu dute egungo legeak ez duela bermatzen Nafarroako Parlamentuko akordioak errespetatuko direnik. «Gogorarazi nahi dugu hamazazpi lege errekurritu dituztela alderdi politikoek edo Auzitegi Konstituzionalak egungo legedian oinarrituta».
Giltzak, eztabaida irekitzeko
Mobilizazioa ez da manifestazio bat edo elkarretaratze bat izanen, deitzaileek nabarmendu dutenez; «ekitaldi berritzailea bat» izanen da, eta elementu baten bueltan eginen dute: giltzak. Bertaratzen direnei erabiltzen ez dituzten giltzak eramateko eskatu diete. 17:30ean musika eta motozerra erakustaldia izanen dira, eta giltzak bilduko dituzte gune batean. 18:15ean XXI Nafarroa taldeak bere irakurketa zabalduko du, eta argazki bat eginen dute giltzaren metafora baliatuz.