Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteari eskaera egin dio Foro Sozial Iraunkorrak: torturaren biktimak babes ditzala eskuin muturraren probokazioen aurrean. Macarena Olona Voxeko diputatuak irriz irakurri zuen torturatu baten testigantzaren pasarte bat Kongresuan ostegunean.
Taldeak idatzi bat bidaliko dio Bateti, «gertakari larri horien aurrean torturaren biktimei babesa adierazteko eskatuz, eta egindakoa zuzentzeko eska dezala». Torturaren inguruan Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuentzat egindako txostenak bidaliko dizkio, agirian azaldu dutenez.
«Kongresuan gertatu dena guztiz gaitzesgarria da, biktimizazio onartezin bat eragiten duelako. Biktima guztiek, torturatuak izan diren guztiak barne, egia, justizia eta erreparazioa merezi dituzte. Babes politiko eta instituzionala premiaz behar dira», salatu zuen Foro Sozial Iraunkorrak ostegunean bertan.
Gaur plazaraturiko agirian, taldeak «errekonozimendua» adierazi die torturaren 4113 biktima ofizialei, hau da, Eusko Jaurlaritzak onartzen dituenei, eta oraindik onartzeke daudenei.
Taldeak salatu du adierazpenak are larriagoak direla kontuan hartuta Olona estatuko abokatua dela, eta gogoratu du Sandra Barrenetxearen tortura kasuan Guardia Zibilen abokatua izan zela.
Foroak kezkagarritzat jo du eskuin muturreko ordezkariaren hitzek «EAEn eta Nafarroak eragin duten erantzun instituzional eskasa». Agus Hernan bozeramaileak ostegunean esan zuen halako hitzak «ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimei erreferentzia egin izan balitzaie edo indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du».
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere biktimei babesa adierazteko eskatu diete.
«Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu. Aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeen sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta gure egitea».