Laetitia Navarron

«Guretzat, ez da bukaera bat: hats berri bat izanen da»

Aitzineko agintaldian bezala, Hendaia Biltzen taldea gehiengoan zen Kotte Ezenarro sozialistarekin batean. Berriki, koalizioa zartatu da, eta taldeko hautetsiei beren delegazioak kendu dizkie auzapezak. Hendaia Biltzen taldeko bozeramaileak dio auzapezak zailtasunak dituela euren taldearen ibilmoldea onartzeko.

Laetitia Navarron. GUIILAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2022ko apirilaren 29a
12:37
Entzun

Hendaiako auzapezak, Kotte Ezenarrok (PS), Hendaia Biltzen taldeko lau hautetsi abertzaleei kendu dizkie herriko hauteskundeen ondotik eman zizkien delegazioak; horietarik bi axuantak ziren orain arte. Sozialistek eta abertzaleek hauteskundeetako bigarren itzulirako osatu koalizioa zartatu da, azkenean. Hendaia Biltzen eta auzapezaren arteko harremanak lehendik okertzen hasiak ziren, eta abertzaleek ez zuten 2022ko aitzinkontua bozkatu nahi izan; Ezenarrok postuetatik kentzeko mehatxua egin zien orduan. Laetitia Navarron da Hendaia Biltzen taldeko bozeramailea (Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1986).

Hendaian, azken urteetan, abertzaleek bat egin dute sozialistekin. Ez da ohiko aliantza.

Hendaian saiatu dira beti ezkerreko talde guztien aliantzak sortzen. Ezkerra gehiago babesteko, ikusita, gure eremuan, hiri bakarra zela ezkerrekoa. Beti saiatu izan dira ezkerreko talde guztiekin koalizioak edo hurbilketak egiten.

Baina hiri bat gobernatzeko ez da beti erraza, beharbada?

Ez, baina Kotteren [Ezenarro] pertsonak egiten du beharbada, abertzale konpatibleak deitzen ditugun horietakoa baita. Haren zerrendako beste batzuekin, agian, ez zen lortuko halako aliantzarik. Kotteren pertsonak egiten du, halere.

Baina azken berria, hain zuzen, aliantza horren bukaera izan da. Zuek erran duzue lehendik ere kontsumitzen ari zela.

Gure aliantza segida bat zen, aitzineko agintaldian ere Hendaia Biltzeneko lau hautetsi baitziren gehiengoan. Bukaeran, egia da halere, tentsio batzuk agertu zirela; agintaldia ez zen hain ongi bukatu. Agintaldi honetan guk pentsatu dugu negoziazioarentzat helburuak eta ahalak ongi finkatu behar genituela, gero sorpresarik ez ukaiteko; sei urte, luze baita. Kristoren lana egin genuen horretan, eta aurkeztu genuelarik gure proposamena harritu ginen zer errazki onartua izan zen ia-ia dena. Baina, gero, agintaldia hasi zelarik, fite ohartu ginen zailtasun batzuk izanen zirela; batez ere, gure adierazpen askatasunari dagokionez. Gero hasi ginen biltzen Kotterekin, aterabideak bilatzeko. Funtzionamenduan biziki desberdinak dira haien taldea eta gurea. Kottek zailtasunak ditu onartzeko gure taldearen ibilmoldea.

Gehiengoko beste hautetsiek egin izan dizuete kritika: taldea kontsultatu behar zenutela erabakiak hartzeko.

Bai, taldearen direktibak itxoiten genituela zerbait egiteko, eta ez zela horrela egiten ahal. Guk ez dugu kontsignarik itxoiten, zerbait aurkezten diogu taldeari eta eztabaidatzen dugu; gehienetan adostasun zabala lortzeko egiten dugu. Talde handi bat bada mugitu dena hauteskundeak prestatzeko eta terrenoan lan egiteko. Gu barnean garelarik, ez dugu besteek bezainbeste atzerapenik. Garrantzitsua da segitzea talde lan horretan. Erabakiak hartzen ditugularik taldearen izenean hartzen ditugu, talde guztiarekin.

Haien ibilmoldea, berriz, nolakoa da?

Lauzpabost dira erabakiak hatzen dituztenak, eta taldea hor da zilegitasuna emateko. Ez nuke nahi beste hautetsiek gaizki hartzea, baina asko hor dira zilegitasuna ekartzeko, besterik ez. Gero bada nahasketa bat egina dena, baina Kotte aski abila da hori ez zabaltzeko hedabideetan: nahasketa handi bat egiten du, baina Hendaia Biltzen ez da EH Bai; gure taldean badira familia desberdinak. Kottek errana du, eta gure belarrietara iritsi da, uste duela EH Bai dagoela gure atzetik. Baina ez da hala.

Aurtengo aitzinkontuak ez dituzue bozkatu. Orduko afera plegatua zen?

Guk saihestu nahi genuen. Ibilmolde arazoak konpontzeko, orain arte aldi oro gure hitzorduak onartzen zituen, nahiz batzuetan erakusten zigun gurekin aspertua zela. Azkenaldian erraten zigun ez bagenuen aitzinkontua bozkatzen, ezingo genuela elkarrekin segitu eta bere ardurak hartuko zituela. Kontseiluan hilabete bateko epea aipatu zuen, eta azkenean prentsaren bidez ukan genuen haren erabakiaren berri. Salatzen ditugu funtzionamendua eta forma, eta argiki segitzen du oso itsusia izaten.

Salatzen duzu zuen arteko harremanak okertu izana. Dosier konkretuetan ere desadostasunak izan dira?

Hiru mailatan dira desadostasunak: maila politikoan, elkargoan sasoiko apartamentuen inguruko erabakia ez dugu ulertu, eta bada ere funtsen inguruan etxebizitzen egiteko politikan ez garela ber puntura iristen. Gero funtzionamendua, argiki, eztabaidak oso zailak dira, eta, ez zaielarik gustatzen, batzuk bilkuratik joaten dira. Sartu ginenetik erran genuen gure adierazpen askatasuna atxikiko genuela, baina beti gaizki hartua da; sekula ez da hartzen ikuspuntu gehigarri bezala, ez bada erraten haiek erraten dutena ez da onartua. Eta lehendik baldin bazen ere, bukaeran sartu dira, gainera, gai pertsonalak.

Gehiengoan ez izateak zer eraginen du orain zuentzat?

Behar dugu begiratu; baditugu duda batzuk. Gu, hautetsi bezala, sartu ginen gehiengoaren taldean; garaile atera ginen koalizio horrekin. Oposiziokoak dira ez zutenak irabazi. Delegazioak kentzen ditu eta hori, noski, haren esku da, baina nahiz ez dugun nahi lotuak izan gehiengoaren taldeari, halere hautetsi bezala gehiengokoak gara. Egoera bitxi bilakatzen da. Juridikoki ari gara begiratzen, jakiteko zertan mugitzen ahal garen eta zertan ez. Euskal Elkargora joaten diren bi hautetsi badira gure taldean; hendaiarrek horrentzat hautatu zituzten. Hori, adibidez, ezin da kendu, ene ustez.

Halere, baztertuak izateko arriskua duzuela pentsa daiteke.

Arrunt, eta, gainera, barnetik ikusi dugu orain arte oposizioari ez zirela postu gehiegi ematen, kontseiluan ez sudurra sartzeko. Baina guretzat ez da bukaera bat: zerbait bukatu da, noski, baina hats berri bat izanen da. Uste dut dinamika berri bat piztuko dela, eta, agian, gure taldea indartuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.